Sabino Cuadra eta Maite Aristegi Amaiurreko diputatuek prentsaurrekoa eskaini dute Nafarroako azken gertaerei buruz eta egoera politiko eta ekonomikoaz hitz egiteko.

{audio}http://ehbildu.net/images/amaiur/2012/06/Maite_Aristregi_20120601.mp3{/audio}

1.- UPN. PPren ESANETARA.

UPN da, modurik argienean Alderdi Popularrari baldintzarik gabeko babes handiena erakutsi dion alderdi politikoa: lan erreforma, finantza arlokoa, hezkuntza, osasuna, 2012ko aurrekontuak… Horrek guztiak erakusten du PPk Nafarroan duen frankizia baino ez dela UPN eta Madrilen aldiz, Alderdi Popularraren eskuineko politika atzerakoien zerbitzari leialena dela. UPNren ustezko “navarrismoa” eta euskal soberanismo eta independentismoaren aurka daraman kanpaina histerikoa bere izaera zentralista eta espainolista estaltzeko baino ez dira.

2.- PSN: IPARRIK, HEGORIK,EKIALDERIK ETA MENDEBALDERIK GABEKO ALDERDIA.

Zerbitzu publikoen alde eta langabeziaren eta bazterketa sozialaren aurka, PSOE Madrilen egiten ari den oposizio erretorikoa ez dator bat Nafarroan PSN egiten ari denarekin. UPNrekin eskutik helduta, murrizketa sozialak eta pribatizazioak sustatzen ari da Nafarroako Alderdi Sozialista. Indarrean dauden zerbitzu publiko gehienak zatitzen, pribatizatzen eta desagerrarazten ari dira PSN eta UPN.

3.- NAFARROA: INOIZKO MOBILIZAZIORIK HANDIENAK.

Azken hamarkadetan ez dugu ikasturtearen hasieratik Nafarroan ikusten ari garen gizarte mobilizazioak (grebak, hezkuntza eta osasungintzako protestak, errepresioaren kontrako ekimenak…) bezalakorik ezagutu. Sindikatuak eta elkarte eta eragile sozialak PP, UPN eta PSOE-PSNren neurri antisozialak atzera bota asmoz egiten ari diren ahalegin handia nabarmendu nahi du Amaiurrek. Hortaz, UPNrekin “ezkondu” beharrean, gizarteari entzun eta eskuindarra, atzerakoia eta espainiar-zentralista den UPN alderdiarekin duen harremana hautsi beharko luke berehala Nafarroako Alderdi Sozialistak.

4.- NAFARROA eta ESTATU ARRAZOIAK

Hauxe da hain zuzen, UPN-PSN itun antinaturalaren arrazoi nagusia. “España antes roja que rota” esan zuen Calvo Sotelok. “Nafarroa, lehenago porrot ekonomiko eta soziala bere neba-arrebak diren lurraldeekin eskutik helduta, guztiak batera bide berria egitea baino”, horixe da behintzat Yolanda Barcinak eta Alvaro Mirandak diotenetik uler daitekeena. Hortik datoz azken hilabete hauetako jarduera errepresibo sozial eta politikoak ( Greba Orokorraren ondorengo 38 atxilotuak –horietako 19 adin txikikoak-, Barcinari tarta jaurti ziotenentzat eta ETBren errepetidorea jarri zutenentzat Audientzia Nazionala…).

5.- BI AUKERA

Lehena UPN-PSN biukoteak ordezkatzen dute: “Nafarro-txoko” ikuspegiaren defendatzaileak, CAN-Nafarroako Aurrezki Kutxaren gehiegikerien eta beronen desagerpenaren arduradunak, gizarte zerbitzuak murriztu eta desagertzearen aldekoak, gure lurraldearentzat Duque de Albaren Nafarroa zaharkituan eta diktadura frankistan oinarrituriko izaera bilatzen dutenak… eta beste alde batetik, ezkerreko indar soberanistek defendatzen duten alternatiba dugu: elkartasunean eta justizia sozialean oinarrituriko Nafarroa, langileena, proiektu bateratu eta burujabea helburu Hego Euskal herriko beste lurraldeekin bat eginik dagoena, Madrilen morroi ez dena…

6.- ALTERNATIBA SOZIOEKONOMIKOA

Urte luzez boterean izan diren eta dauden (PP, PSOE-PSN-PSE, UPN, PNV) alderdi politikoek sustatu duten eredu neoliberalari aurre egin diezaiokeen alternatiba sozioekonomiko zehatz bakarra dago mahai gainean gaur egun: Amaiur osatzen duten indar politikoek aurkeztu dutena. Salatu nahi dugu, boterean izan diren eta dauden alderdi politiko horiek neurri handi batean eraman dutela Euskal Herria orain bizi dugun krisi ekonomiko eta sozialera. Aipatu idar politiko ezkertiar eta soberanistek, arduraz eta koherentziaz jokatuz, gizartearen eta ekonomiaren bizkar hezurra izango den sektore publikoaren lidertza oinarri duen alternatiba sozioekonomikoa aurkeztu berri dute. Hori da jorratu beharreko bidea.

@ehbilducongreso