{audio}http://ehbildu.net/images/amaiur/2012/06/Errekondo-korte-1.mp3;http://ehbildu.net/images/amaiur/2012/06/Errekondo-korte-2.mp3{/audio}

Lehenik eta behin, erreskatearen inguruan eta orohar, krisi sozioekonomikoaren inguruan, Espainiako gobernua ixilpean egiten ari den kudeaketa salatu nahi dugu.

Ez PPk, ezta PSOEren aurreko gobernuak ere ez diete herritarrei hartzen ari ziren eta ari diren erabakiez galdetu. Eta are gutxiago erabaki horiek herritarrengan izango duten ondorioez. Herritarrek ezin dute arduradun politiko eta ekonomikoek egin duten kudeaketa negargarriaren erantzule izan.

Bestetik, Alderdi Popularraren jarrera prepotentea salatu nahi dugu: batetik ez duelako arduradun horien konparezentzia eta azalpenik nahi eta bestetik, eufemismoak erabailiz gezurretan ari delako etengabe.

Nola esan dezakete Espainiako gobernuak erreskate honek ez duela herritarrengan eraginik izango, baldin eta erreskatea bera FROB delakoak kudeatuko badu eta beraz, mailegu hori Estatuko zor bezala agertuko bada.

Banketxeek ez dute erreskaterik behar. Egin behar dena zera da: banketxeen jarduna ikertu, auziperatu eta zigortu.

Alderdi Popularrak berehala azaldu behar du zeintzuk diren erreskatearen baldintzak eta beraz, zer nolako ondorioak izango dituen herritarrengan. Zein da mailegu horren letra txikia? Galera ekonomikoak gizarteratu eta irabaziak pribatizatu. Horixe da PP egiten ari dena.

Eredu hau irauli eta bestelako eredu sozioekonomikoa jarri behar da martxan. Hasteko eta behin, benetako banku publikoaren aldeko apustua egin beharra dago. Guk behintzat, horixe aldarrikatzen dugu Euskal Herriarentzat.

Euskal herritarrek ez dezatela xoxik ordaindu. Horregatik, deia luzatzen diegu Lopez eta Barcinaren gobernuei, Espainiako gobernuak har ditzakeen neurriei aurre egin diezaiotela.

Joan den larunbatetik, arrazoi bat gehiago dugu nafarrok, gipuzkoarrok, arabarrok eta bizkaitarrok, gure bide propioari ekin eta bestelako proiektu eta errealitate berri bat eraikitzeko. Alternatiba sozioekonomikoa behar dugu eta ezker subiranismoa ordezkatzen duten indar politikoek aurkeztu duten alternatiba izan daiteke hain zuzen, horretarako lehen urratsa.

Esana dugu jada. Rajoyk ez dezala Euskal Herriko argazkia estatukoarekin nahastu. Eta atzo gertatutakoa arretaz begiratu dezala: Donostian ilusioa eta proiektu berri baten isla den koalizioaren aurkezpena egin ezkerreko indar subiranistek, eta Madrilen aldiz, alarma gorria, urduritasuna eta proiektu baten gainbehera erakusten zuen agerraldia egin zuen Espainiako presidenteak.

Berriro diogu: ekonomia arlokoa ez da Espainiak duen defizit handiena. Krisi ekonomikoari politikoa, instituzionala eta proiektuzkoa gehitu behar dio Espainiak.

Ezkerreko subiranistok, argi dugu zein den jarraitu beharreko bidea.

@ehbilducongreso