Pobreziari aurre egiteko neurri gisa, "gutxieneko diru sarrera bermatzeko errenta ezartzea eta ongizate estatuaren zutabeak indartzea" proposatu du Jon Iñarritu diputatuak.

Iñarrituren arabera, "gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errenta horrek lanbide arteko gutxieneko soldatari lotua egon behar du, are gehiago, ez luke Estatu bakoitzeko bataz besteko soldataren erdia baino gutxiago izan behar". Horrezaz gain, doakoak eta unibertsalak liratekeen osasun, hezkuntza eta gizarte zerbitzu sistemak aldarrikatu ditu.

Ildo horretan, FOESSA 2012 txostenaren datuak nabarmendu ditu Iñarrituk. Izan ere, datu horien arabera, Europako Batasuneko pobrezia maila altuena duen herrialdea Espainiar estatua da. "Herritarren %21 pobrezia mailaren azpitik bizi dira, hau da, 11 milioi pertsona baino gehiago, gerraondoko datuen antzera" esan du Amaiurreko diputatuak, eta Alderdi Popularraren politikei leporatu die horren ardura.

"Pobreziaren aurrean, gizarte estatua sustatu behar dela" adierazi du jon Iñarrituk.

"Pobrezia eta gizarte bazterketari aurre egin asmoz, Izquierda Plural talde parlamentarioak aurkeztu ekimenak, Euskal Herriko ezkerreko indar soberanistek egindako proposamen sozioekonomikoaren bat datorrela" ulertuta, aldeko boza eman du Amaiurrek.

@ehbilducongreso