- Moncloa, Gasteiz eta Iruñeako gobernu ezberdinen arduragabekeria, espekulazio eta kudeaketa negargarria ordainduko du euskal gizarteak.

- Sektore publikoaren suntsitze prozesua gertatzen ari da.

- Euskal Herriak burujabe izan behar du, besteak beste, bere etorkizunaren jabe ere izateko.

Egoera larria da. Egunez egun, sektore publikoa gero eta kaltetuagoa. Langabezia tasa gero eta altuagoa. Gizarte zerbitzuen murrizketa etengabeak. 62.000 milioi euroko erreskatea. Eta honezaz guztiaz gain, bigarren erreskatea gertatzeko zurrumurruak.

 

SEKRETISMOZ BETERIKO KUDEAKETA

Azken urteetan, sekretismoa, iluntasuna eta gezurra nagusi izan dira Moncloako gobernu ezberdinen kudeaketan. Ekonomia arloari dagokionean behintzat. Herritarrek ez dute gertatzen ari zenari eta gainera zetorkionari buruzko benetako informaziorik izan. Herritarrek ez dute erabaki guneetan parte hartzerik izan. Ez zaie ezertaz ere galdetu. Jose Maria Aznarrek zioen, “España va bien”, Zapaterok zioen “no hay crisis”, Rajoyk “no ha habido rescate” eta gainera, erreskate horrek ez duela ezelako baldintzarik. Astelehenena baina, 62.000 milioi euroko erreskatea eskatuko dio ofizialki Espainiar estatuak Europari. ¿Zer da gerora datorrena? ¿Gezur handi batean eraikitako proiektua ote Espainia?

 

SEKTORE PUBLIKOAREN SUNTSITZEA

Gizartearentzat, krisia dagoenaren seinale eta adibide argienak, arlo publikoan izan diren murrizketa eta neurri atzerakoiak izan dira (osasungintza, hezkuntza, gizarte zerbitzuak…). Badira urte batzuk, Moncloako gobernu ezberdinek sektore publiko deskapitalizatzera bideraturiko neurriak hartzen dituztena. Ondorioak agerikoak dira. Apurka-apurkako zerbitzu publikoen eta azken 50 urteetan lortutako garaipen sozialen desagertzea. Ongizate estatua jokoan da.

 

ZORRA

Banketxe pribatuak bizi dugun finantza, ekonomia eta gizarte krisiaren errudun nagusietakoak dira. Baina ez bakarrak. Estatu mailako gobernu ezberdinek eta baita autonomia erkidegoetakoek, banketxeek egindako zuloa, egunez egun, are handiagoa izatea ahalbidetu dute. PSOE izan zen aurrezki kutxak pribatizatu eta banketxe bihurtzeko lehen pausua eman zuena. Aurretiaz, Alderdi Popularrak lurzorua liberalizatu zuen, higiezinen iruzurrari bide emanez. Orain, aurrezki kutxa eta banketxe ugarik hondoa jo dute. Porrot eginda daude. Ez dago dirurik. Hala ere, Alderdi Popularra tematurik dago banketxe pribatu horiei diru publikoz laguntzeko. Berriz ere, herritarron diruak esku pribatuetan bukatu du. Iruzur bikoitza. Eta bitartean, defizitak gora. Zor pribatua publiko bihurtzen da. Eta astelehenean Espainiako gobernuak ofizialki eskatu duen erreskatea esaten ari garenaren adibide argia da. Banketxeen zor pribatua, Estatuaren zor izatera pasako da. ¿Zergatik ez digu Gobernuak Espainiar estatuko 50 hartzekodun nagusien datuak ematen?

 

BALDINTZAK

Amaiurrek zera eskatzen dio Espainiako gobernuari: berehala argitu dezala zeintzuk dira erreskatearen baldintzak, zein da letra txiki hori. Zeintzuk dira Europak jarri dituen baldintzak. Zer nolako ondorioak izango ditu erreskateak herritarrengan. Baina ez soilik herritarren patriketan, baita zerbitzu eta sistema publikoan ere. Ekonomia arloko nazioarteko hainbat erakundeetatik erreskatearen baldintzak aipatuz ahotsak entzun dira. Munduko Diru Funtsak esaterako, B.E.Z.-aren igoera aipatu dute, arlo publikoko langileen soldataren jaitsiera… Zurrumurru gehiago. Momentuz, dakiguna, erreskateak eragin zuzena izango duela Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako finantzetan. Euskal Autonomia Erkidegoak esaterako, kupoaren %6,24 bideratuko du erreskatearen ondorioak estaltzera. Eta Nafarroak %1.

 

BURUJABETZA

Deigarria da egunez egun, bere burujabetza edo subirautza Europako hainbat herrialderen aurrean eta ekonomia arloko nazioarteko erakundeen aurrean nola ematen duen Espainiar estatuak. Ikustekoa nola ematen duen amore. Eta bitartean, Euskal Herriak bere kabuz erabakitzeko duen eskubidea, autodeterminaziorako eskubidea ukatuz segitzen du Espainiako estatuak. Amaiurrek argi du. Burujabe izateak merezi du. Eta maila guztietan gainera. Baita finantza eta ekonomia erloan ere, noski. Guk, gure kabuz erabaki ahal izateko aukera gero eta indartsuago defendatzen du Amaiurrek. Guk geuk erabaki. Geure ardurapean. Egoera honetan, baina, Espainiako banketxe pribatuen arduragabetasuna ordaintzera zigortuak gaude euskaldunok. Hori bai, inork ez dezala pentsa geure herrian gertatu diren eta gertatzen ari diren bestelako injustiziez ahaztu garenik. Nafarroako Aurrezki kutxa eta Gasteiz eta Iruñeako gobernuen politika neoliberalak kasu.

 

MERKEL, HOLLANDE, MONTI, RAJOY. 130.000 MILIOI

Ekonomia hazteko dela diote. ¿Zehaztapenik bai?, ¿Zein sektorera bideratuko dute dirutza hori guztia?, ¿Nola finantzatuko dute plangintza hori? Berriz ere Einsteinek esandakoa dakargigu gogora: “Arazoak ezin ditugu konpondu, horiek sortu duten pentsamolde berarekin”.

@ehbilducongreso