Gernikako Arbola.

Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubide eta askatasunen ikurra. Hainbeste basakeriaren eta eskubideen urraketaren lekuko.

Gernikara etorri gara gaur, berriz ere, gure herrian izan den indarkeria ororen biktima guztien errekonozimendua adieraztera. Horiek merezi duten ordaina eta egia osoaren ezagutza defendatzen ditu Amaiurrek. Era berean, Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpora gertatu diren eskubideen urraketen ondorioz izan diren biktima horiei guztiei gure atsekaberik sentikorrena adierazten diegu. Horrezaz gain, oroimenean, errekonozimenduan eta errespetuan oinarrituriko adiskidetzea sustatzeko gure borondate osoa berresten dugu.

Amaiurren ustez gatazkaren erabateko konponbidea lortzeko elkarrizketa eta akordioa dira bide bakarrak. Horregatik, arazo politikoak konpontzeko, ekimen demokratiko eta baketsuen aldeko eta indarkeria zein mehatxuen kontrako gure konpromisoa adierazten dugu beste behin ere.

Azkenik, Amaiurrek bere egiten du Aieteko Adierazpena eta beronen hirugarren puntua, zeinean biktima guztien onarpena, konpentsazioa eta laguntza sustatzeko eta horiei eragindako samina onartu eta zauriak osatzen laguntzeko eskaera egiten zaien erakunde, alderdi politiko eta gizarte eragileei.

Laburbilduz, terrorismoaren biktimen omenez Espainiako Diputatuen Kongresuak gaur egingo duen ekitaldira ez joatea erabaki dugu, gure ustez azken hamarkadetan Euskal Herriak jasan duen sufrimendu guztia onartzen ez duelako eta beraz, biktima guztiak onartzen ez dituelako.

Hortaz, alderdikeriaz antolaturiko ekitaldia izanik, gure herriak bizi duen gatazka politikoaren konponbidean ekarpen positiborik egiteko borondaterik ez duela uste dugu.

Amaiurrek nabarmendu nahi du gizartearen aurrean gure buruaren aurkezpena egin genuen momentu beretik gatazkaren konponbidea bultzatzeko gure bokazioak bere horretan segitzen duela. Hain zuzen, gure helburuetako bat Euskal Herriarentzat bakea lortzea da. Herritar guztiek bere sentitu eta elkarbanatuko duten bakea. Herritar guztiok irabazle sentituko garen bakea.

@ehbilducongreso