Xabier Mikel Errekondo, Jon Iñarritu eta Rafa Larreina Amaiurko diputatuen iritzi artikulua, 2012ko ekainaren 29an publikatua.

Adierazpen hori Alderdi Popularraren FAES fundazioaren azken liburuxkatik aterata dago. Uste daitekeenaren kontrara, esaldi horrek ez dio Estatuaren porrot ekonomikoari erreferentzia egiten; Eskoziako erreferendumaz ari da. Kapitulu zehatz bat eskaini diote Eskoziako erreferendumari, eta horrek Espainiarentzat dakarren arriskuaz ohartarazten du. Hala, Gobernuari lehenbailehen neurriak hartzeko eta bai barrura begira eta bai EB Europako Batasunari begira jarraitu beharreko estrategia zehazteko eskatzen diote.

ABC egunkariak aurreratu zigun, joan den otsailaren 28an, separatistei EBk erantzun bateratua ematea lortzen saiatuko zela Raxoi, neurri diplomatikoak sustatuz Europako Batasunean sortutako estatu berriak Batasunetik zein Eurotik kanpo uzteko. Eta horrekin batera, Gibraltar español leloa oraindik eta indar handiagoarekin berreskuratzea eta, estatu bakar eta zentralista indartzeko helburuarekin, Konstituzioan zenbait erreforma egitea. Horrek guztiak agerian uzten du Espainiako estatuaren barruan dauden nazioen aldarrikapen demokratikoentzat murrizketa garaia datorrela. Zein estrategia hartu behar dugu subiranistok egoera honen aurrean?

30 urte joan dira indar demokratiko eta subiranistek autodeterminazio eskubidea 1978ko Espainiako Konstituzioan jasoa egotea eskatu zutenetik. Baina, Konstituzioaren gurasoek, frankismotik zetozen indar bizien presioak jaso ostean —batez ere armadarena—, eskubide hori ez jasotzea erabaki zuten. Gainera, 8.1 artikuluaren bitartez oharra eta mehatxua egiten zaie balizko sezesio tentazioei: Espainiako batasunaren bermea Espainiako armada da manu militari.

Hamarkadotan, Legebiltzarrak zein Kataluniako Parlamentuak autodeterminazio eskubidearen aldeko hainbat adierazpen onartu dituzte. Estatuak, ordea, ez du aldatzen bere jarrera, eta kutsu subiranista izan dezakeen edozeren aurka egin du, zeukan babes demokratikoari begiratu ere egin gabe. Atxikimendu libreko estatu eredua edo kontsulten legea proposatzen zuen Legebiltzarrean onartutako Estatutua, esaterako. Edota, Katalunian onartu zuten Estatutuaren zati osoak orraztuak edo ezabatuak izan ziren, Katalunia nazio bezala definitzen zuena ere bai. Gertakari horiek kontrako efektua izan dute. Subiranismoa indartu egin da Euskal Herriko zein Kataluniako gizarteetan eta, beraz, Europako esparruaren barruan erabakitzeko eskubidearen gaiari aurre egiteko garaia iritsi da, eskubide hori Europako demokraziaren adierazpen gisa hartuz.

Nazioartean, Kanada erreferentzia izan da arlo honetan, Quebeceko bi erreferendum independentistak errespetatzeaz gainera Gorte Nagusiak Kanadan izan daitezkeen prozesu independentisten baldintzak ere ezarri zituelako —gerora lege batean ere jaso ziren (Clarity Act)—. Hauek dira ezarritako baldintzak: galdera argidun erreferenduma, zalantzan egongo ez den gehiengoa eta adostutako sezesioa. Europako beste estatu batzuek ere jaso dute independentziarako aukera: Danimarkak Groenlandiarekin eta Erresuma Batuak Ipar Irlandarekin eta azkenaldian Eskoziarekin. Gertaera horien aurrean, Nazioarteko Justizia Epaitegiak baieztatu du alde bakarreko sezesioa ez dela nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa, autodeterminazio eskubide berriari atea irekiz, ikuspegi klasikotik (deskolonizazioa) aldenduz.

EB beti iheskor azaldu da «barne arazo» horien aurrean; hala ere, autodeterminazio eskubidea bere printzipio gisa defenditu izan du, eta Txetxeniako, Hego Sudango edota Kosovoko gatazkak konpontzeko ere aldarrikatu du. Era berean, Ipar Irlandako auziari dagokionez, autodeterminazio eskubidea jasotzen duen Ostiral Santuko Akordioa goraipatu zuen eta, gainera, lurralde horretarako PEACE programaren babesle nagusia izan da. Denboran hurbilago, Europako Batasunak Montenegroko independentzia prozesua gidatu zuen (2006an), «estandar demokratiko» batzuk ezarriz; kasualitatez (edo ez), Kanadako Clarity Act-en jasotzen diren berberak dira.

Gaur egun, autodeterminazio prozesu baten aurrean honako baldintza hauek exijitu behar direla esan dezakegu: indarkeriaren erabilerarik ez dagoen prozesua, gehiengo argia daukan prozedura demokratikoa, eta jatorrizko estatuaren zein estatu berriaren arteko akordioa. Eta akordioa posible ez den kasuetan? Egoera horretan, modu alde bakarrekoz jokatu beharko litzateke, Nazioarteko Justizia Epaitegiak dioen moduan, ez litzatekeelako Nazioarteko Zuzenbidearen araurik urratuko. Hori bai: argi utzi beharko litzateke, batez ere EBren barruan, nor den akordioa lortzeko borondaterik ez daukana.

Espainiako estatuko autonomia estatutuak zaharkituak geratu dira, eta bere osotasunean ez dira bete ere egin. Euskal zein katalan nazioen subiranotasunak praktikan jartzen zituzten proposamen politikoei zilegitasunik ez dutela eta 1978ko Konstituzioan lekurik ez dutela esan die Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Estatua norabiderik gabe ari da aldaketa garaian den munduan eta Europan, eta krisi ekonomiko larriari lurralde krisia ere gaineratu behar zaio. Erabakitzeko eskubidea onartzeko Europan eta Mendebaldean dagoen joera mehatxu gisa hartzen ari da, aukera bezala hartu beharrean. Eta are larriagoa dena: Europako Batasunaren barruan (Eskoziaren, Euskal Herriaren, Flandriaren edo Kataluniaren) subiranotasunaren aurka egingo duen lobby-aren gidaritza hartu nahi du PPk. Zalantzarik gabe, Spain is different.

Amaiurrekook uste dugu, herritarrek hala erabakiz gero, Euskal Herria XXI. mendeko Europan estatu gisa eratzeko unea iritsi dela. Horregatik, eta irizpide demokratikoan oinarrituta, ibilbide logikoa eta demokratikoa proposatuko dugu, Espainiako Estatuaren barruan dauden nazioek independentziarako aukera izatea arau batean jasotzeko.

Lantaldea sortzea proposatuko du gaur Amaiurrek, ERCrekin batera. Bertan parte hartzera gonbidatuko ditugu Espainiako estatuko indar demokratikoak eta subiranistak, erabakitzeko eskubide demokratikoa arautuko duen lege proiektuaren zirriborroari beren ekarpenak egin ahal izateko. «Egoera historiko honen larritasunaren aurrean...», erabakitzeko eskubide demokratikoa.

@ehbilducongreso