Koalizio subiranistaren arabera “belarrondoko galanta eman die Giza Eskubideen Europako Epaitegiak presoen aurka Espainiako gobernuek indarrean jarri dituzten salbuespeneko neurriei”. Bozeramaleen Batzordearen osteko prentsaurrekoan Xabier Mikel Errekondok adierazi duenez “presoen eskubideez, giza eskubideez ari gara eta beraz, Giza Eskubideen Epaitegiak hartutako erabakiak poztu egiten gaitu”.

Bestalde, autonomia erkidego batzuek dituzten Justizia arloko eskuduntzak berriz ere Estatuaren esku uzteko eta Bildu eta Amaiurren aurka datuak batzen ari direla esanez, Estatuko Fiskal Nagusiaren hitzak argitzeko Eduardo Torres-Dulce beraren agerraldia eskatuko dutela iragarri du Errekondok. Amaiurreko bozeramalearen ustez “ez dagokio Fiskal nagusiari estatuaren egituraketaz iritzia ematea, besteak beste, botere banaketaren printzipioa urratzen duelako”. Bildu eta Amaiurren aurkako datuak biltzen ari direla esanez, Torres-Dulce Fiskal nagusiak esandakoez berriz, Xabier Mikel Errekondok adierazi du “eskandalagarria dela hori politika egiteko eskubidea eta errugabetasun eskubidea urratzen dituelako”. Amaiurrek gogoratu duenez bi koalizioak erabat legezkoak dira eta Amaiurren kasuan gainera, bere ordezkariak aforatuak dira”.

Erreskatea

Espainiako banketxeei 30.000 milioi euro emateko Eurotaldeak hartu duen erabakiaz eta BEZ-a igotzeko Rajoyren gobernuak egin duen iragarpena kritikatu ditu ere bai Amaiurrek. Errekondoren ustez “neurri horiek guztiek atzeraldian sakondu, gizarte eskubideak murriztu eta pobrezia handituko ditu”. Are gehiago, Errekondoren hitzetan, BEZ-a igotzeak “mileuristei, pentsiodunei eta langabetuei egingo die kalte” eta “amnistia fiskalaren bitartez iruzurgileak babestu izana” leporatu dio Espainiako gobernuari. “Alderdi Popularraren gobernuak ukatu arren erreskate baten aurrean gaudela” adierazi du Errekondok. Horregatik, “inoiz baino beharrezkoagoa ikusten du Euskal Herriak burujabetza osoa izatea”.

@ehbilducongreso