"Europako Kontseiluak herrialde bakoitzarentzat aholku zehatzak proposatu ditu. Zuk ere gauza bera egizu eta Espainiako estatuan dauden herri ezberdinen izaera onartu ezazu. Bere etorkizuna erabakitzeko Euskal Herriak duen eskubidea errespetatu ezazu, krisitik irteteko gure bide propioa jorratzeko dugun eskubidea errespetatu ezazu". Horrela mintzatu zaio Rafa Larreina diputatua Espainiako presidenteari.

Ildo horretan, "Estatuaren berzentralizazioa bultzatzeko, Mariano Rajoy krisiaz baliatzen ari dela" salatu du Amaiurreko diputatuak eta "espainiar nazionalismo baztertzaile zaharkituena berreskuratuz Estatuaren izaera plurinazionala ukatzen ari dela" leporatu dio Larreinak Alderdi Popularraren gobernuari.

Hala ere, diputatu soberanistaren arabera, bada "ongizate estatuaren suntsitzea helburu duen eredu neoliberalaren alternatiba bat: Euskal Herriko ezkerreko indar subiranistek aurkeztu duten proposamen sozioekonomikoa", hain zuzen.

Enpresa handien interesak

Amaiurreko diputatuaren arabera herritarrak politikariekiko konfidantza "galtzen ari dira herri burujabetza ahultzen ari dela ikusten dutelako eta erabakitzen dutenak ez direlako politikariak, defizit demokratikoa mantentzen duten euro-burokratak eta espainiako finantza konpainia handiak baizik".

Are gehiago, Larreinaren hitzetan "Europako Batasunaren erreskateaz gain, banketxe eta finantza eta ekonomia erakunde handiek baldintzaturik dago Espainiako estatua".

Ildo horretan, atzo ekonomia ministroa Eurotaldearen eta Ecofinen aginduak jasotzen ari zen bitartean, finantza erakunde handietako enpresa gizon handiekin bazkaldu izana leporatu dio Larreinak Rajoyri.

"Rajoy jauna, merkatuak eta finantza eta ekonomia erakunde handiak baino askoz garrantzitsuagoak dira herritarrak" esanez bukatu du bere hitzaldia Amaiurreko diputatuak.

@ehbilducongreso