Gaur Espainiako Gobernuak onartu dituen neurri ekonomikoen aurrean, Amaiurrek honakoa adierazi nahi du:

Legealdi honetako eta azken urteotako murrizketa eta eraso sozial atzerakoienaren aurrean gaude. Gainera, neurri horiei erantsi behar zaizkie joan den urtarrilean onartutakoak, martxoko aurrekontuak, osasun eta hezkuntza arloetan indarrean jarritako murrizketak...

Alderdi Popularrak ezarritako neurrietatik azpimarragarriena da langile klaseari soilik eragiten dietela, herritar arruntei, eta neurri bat berak ere ez diela eragiten gehien duten klasei eta, are gutxiago, bizi dugun krisialdia sortu dutenei.

Horren adibide argia da zerga zuzenak (BEZa, erregaiak, argindarra...) igo izana. Baina errenta eta kapital handiei (PFEZ, Elkarteen Gaineko Zerga, SICAV...) eragiten dieten neurri bakar bat ere ez dago. Hori gutxi balitz, amnistia fiskalak ezartzea edo ondarearen gaineko zerga ez berrezartzea bezalako erabakiak hartu dira, haien mesederako.

Amnistia fiskalari dagokionean, Amaiurretik nabarmendu nahi dugu Mariano Rajoyren gobernutik hasiera batean iragarri zigutena baino irekitasun handiagoarekin jartzen ari dela indarrean. Eskandalu baten aurrean gaude. Eta energiaren esparruan hartu diren neurriei dagokionez, argi eta garbi esan behar dugu kontsumitzaileak izango direla horren ondorioak pairatuko dituztenak.

Bankaren eta finantza korporazio handien interesen aurrean makurtzen den gobernu ziniko eta gezurti baten aurren gaudela agerian uzten dute gaur onartutako neurriek. Baina kaleko jende arruntaren, erkidego autonomoen eta tokiko botereen aurrean bestela jokatzen du PPk: modu despotan eta arrokeriaz.

Agerikoa da Espainiako Gobernuaren borondatea izango dela Espainiako estatu osoan indarrean jartzea neurri horiek guztiak, herrialdeen artean ezelango bereizketarik egin gabe. Beraz, Euskal Herriarekiko inposizio antidemokratiko nabarmen baten aurrean gaude, PPk eta UPNk biztanleriaren %20 baino ez dutelako ordezkatzen.

Bizi dugun krisi egoera Estatuaren zentralizazio prozesua gauzatzeko baliatu nahi du Alderdi Popularrak. Era berean, Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoarekin zerikusirik ez daukan eredu ekonomiko eta soziala inposatu nahi du; hau da, ongizate estatuak lekurik ez daukan eredua inposatu nahi digu. Egunetik egunera, gero eta gehiago hurbiltzen ari gara gizarte bipolar batera: aberatsak aberatsagoak izango dira eta pobreak gehiago izango dira eta gero eta pobreagoak. Ikuspegi subiranista eta ezkerrekotik, hori erabat onartezina egiten zaigu. Eta argi izan dezatela Madrilen: aurrean topatuko gaituzte.

Horregatik guztiagatik, arlo ekonomikoan eta finantzieroan esparru burujabea exijitzen dugu, arrazoi demokratikoengatik, ekonomikoengatik eta sozialengatik. Euskal Herria bere buruaren eta bere etorkizunaren jabe izan behar da. Euskalherritarrak beraien erabakiaren jabe izan behar dira. Horrela bakarrik eman ahal izango diote irtenbide alternatiboa bizi dugun krisiari, eta horrela bakarrik egin ahal izango dute aurrera gizarte bidezko eta solidario baten eraikuntzan.

Madrildik inposatzen diguten politika ekonomiko antisozialei tinkotasunez aurre egiteko deia egiten diegu Amaiurretik Nafarroako, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko herritarrei.

Murrizketa honi aurre egingo dion dinamika politiko, sozial eta instituzionala sustatzeko, laguntzeko eta horretan parte-hartzeko konpromiso publikoa adierazi nahi dugu beste behin.

@ehbilducongreso