Bihar, uztailaren 19a, Espainiako Diputatuen Kongresuak onartuko dituen Errege Lege Dekretuen aurrean, hauxe adierazi nahi du Amaiurrek:

Ahalegin eta sufrimendu handiz azken urteetan izan diren lan eta gizarte arloko lorpenak ezabatu nahi ditu Alderdi Popularrak.

Azpimarratu nahi dugu, PPren asmoa, azken urte hauetan, ahalegin eta sufrikario ugariren ondoren irabazitako lan eta gizarte arloko lorpenei azken eztenkada ematea dela.

Espainiako Gobernuak Euskal Herriari inposatu nahi dizkion murrizketei tinko aurre egiteko dinamika politiko, sozial eta instituzionala bultzatu, erraztu eta bertan parte hartzeko dugun borondatea berrestu nahi dugu Amaiur osatzen dugunok.

Amaiurrek bat egiten du euskal gehiengo sindikalak datozen egun eta asteetarako deituriko mobilizazioekin. Era berean, euskal jendarteari dei egin nahi diogu EH Bilduk, datorren larunbaterako, uztailaren 21rako, deitu duen manifestaziora joateko.

Kalera ateratzeko eta beste eredu sozioekonomiko bat posible dela aldarrikatzeko garaia da; euskal herritarron hitza era erabakia errespetatua izan dadila eskatzeko; Euskal Herriak eskubidea duela bere kabuz krisi honetatik ateratzeko; argi eta ozen adierazteko burujabetza politiko, ekonomiko, finantziero eta soziala ezinbestekoak direla politika solidario eta zuzenak aurrera eramateko.

Bihar Espainiako Kongresuan onartuko diren bi Errege Dekretu Legeak guztiz onartezinak dira Amaiurren aburuz.

Nor da Espainiar estatua euskal herritarrei agintzeko zer nolako aurrekontuak onartu behar ditugun? Nor da Espainiar estatua Euskal Herriari esateko noraino zorpetu behar garen? Nor da Espainia Euskal jendarteari esateko zer egin behar dugun gai ekonomiko eta sozialetan? Zergatik hartu behar dira neurriak hain gaizki kudeatutako banka pribatua erreskatatzeko? Zergatik ez da aztertzen zorraren zer zatik egin dion onura jendarteari eta zeinek ez? Zergatik ordaindu behar da zorra?

Bere ahultasuna jendartearengan islatzen duen Estatu baten aurrean gaude. Banka eta finantza erakunde handiekin umil baina herritarrekin harro agertzen den Estatua da.

Espainiako Gobernuak zera nahi du: jendearen "aurrezki" eta ilusioarekin "bankerotara" jolastu duen klase politiko eta ekonomikoaren arduragabekeria herritarren bizkar gainera botatzea. Eta hori Amaiurrek ez du inolaz ere onartzen.

Eskandalu bat da krisiaren ondorioak herritarrengan erortzea, eta krisi hau eragin duten sektoreak inolako erantzukizunik gabe gelditzea. Non daude zerga iruzur handiaren aurkako neurriak? Non daude SICAVek eta ondasun elkarteek aberastasuna justiziaz banatzeko moduko neurri fiskalak? Noiz bultzatu eta bermatuko da ogasun saileko inspektoreen lana, iruzur fiskaleko zorro handi horiekin sar daitezen?

Egoera larria da. Hain larria ezen ongizate Estatua UCIan (larrialdietako zaintzapean) dagoela. Lan merkatuaren desregulazioa, osasun publikoaren berordainketa, murrizketak hezkuntzan,... azken batean, sektore publikoaren suntsitzearen aurrean gaude.

Higiezinen burbuila lehertu baino askoz lehenago, Espainiako klase politikoa Espainiako estatuaren benetako egoera ekonomiko eta finantzieroa ezkutatzen aritu zen. Espainiako alderdi handiek ekonomia produktiboaren suntsitzea bultzatu zuten, ekonomia espekulatiboa eta pelotazoaren gizartea bultzatuz.

Gezurra gezurraren gainean. Hori da higiezinen burbuila eta burbuila instituzionalaren gainean eraikitako Estatu baten errealitatea.

Urteetan gainera, euskal subiranismoa isiltzeko asmotan, "denentzako berdin"aren eredua autonomikoa sustatu zen, eta horrek eragingo du burbuila instituzionalak orain leher egitea, urtetako inefikazia, eraginkortasun falta, laguntxoei mesedeak eta ustelkeria agertzea.

Porrot egin duen Estatu baten aurrean gaude, bai sozialki, politikoki, zein ekonomikoki.

Egoera honen aurrean, Amaiurretik dei egiten diegu Nafarroa, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko herritarrei Espainiako gobernuak onartutako neurri ekonomiko eta gizarte murrizketen aurka agertzeko.

Ez dago onartzerik PPk eta UPNk herritarren gehiengoari halako neurri injustu eta insolidarioak ezartzea, besteak beste, Hego Euskal Herriko biztanleriaren %20 baino ordezkatzen ez dutelako.

Bada garaia Euskal Herriak bere burujabetza osoa agertu eta bere bideari ekin diezaion. Etorkizuna gure esku dago.

@ehbilducongreso