Onintza Enbeitaren iritzi artikulua.

Moncloako metro sarreren inguruak jendez lepo zeuden 21:30erako. Ordu bete falta zen oraindik meatzariak iristeko. Urduri geunden guztiok: nola iritsiko dira, zenbat etorriko dira... Beheraxeago jaitsi ginen, eta auto ilaraz lepo egoten diren kale zabalak jendeak hartu zituen. Minutuak aurrera, eta Madrileko gaua gero eta beroago: "Madrid obrero esta con los mineros".

Azkenean argiak ikusi genituen kalean gora. Bazetozen. Lurraren tripak arakatzeko argiak Madrileko kaleak argitzen ari ziren. Megafonietan Santa Barbara Bendita entzuten genuen. Madril lehertu egin zen: "la lucha es el único camino", "¡Que viva la lucha de la clase obrera!". Meatzarien nekeari itxaropena gainditu zitzaiola pentsatzen dut euren burua milaka lagunez inguratuta ikusita: "ez gaude bakarrik". Eta ez, ez zeuden bakarrik. Zoritxarrez, ez baitira Gobernu itsu honek hondoratuko dituen bakarrak.

Meatzariei txaloka geundela June txikiak amaren lepora salto egin zuen. "Nik ere ikusi nahi ditut", esan zigun, eta inguruan entzuten zituenen esloganak errepikatzen zituen. Meatzari bat hurbildu zitzaion, eta "lucha, lucha, lucha, lucha, lucha", esan zion irribarrez, eta Junek ukabila jaso zuela ikusita, berak ere jaso egin zuen. Hunkituta geunden gu, baina haiek ere hunkituta zetozen halako berotasuna antzematean.
Bagindoazen Garaipen Arkuan gora. Edo Galeraren Arkua deitu behar ote genioke? Han entzunaren arabera, arkuak erakusten duen garaipen bakarra Frankorena da, baina ordurako berdin zitzaigun arkuak zer esan nahi duen: harro gindoazen, milaka lagun, meatzarien atzetik, Santa Barbara bendita kantatuz, langileen borrokaren aldeko oihuak botaz. Asturiarren esloganak sano bereziak ziren: "la próxima visita, será con dinamita", adibidez.

Solerako bidean behin gelditu ziren meatzariak. Ura eskatu zuten, eta zeukanak ez zuen emateko arazorik izan. Eta han kalean jendez inguratuta zeudela gaueko oihurik esanguratsuenetakoa entzun zen: "esta es nuestra selección". Han, Madrilen, Erreinuaren hiriburuan, jendearen ahoan, amorruz eta duintasunez, esan nahi berezia hartu zuen esaldiak. Hau da gure selekzioa, hau da herriaren selekzioa, eta ez milaka milioi irabaztera Poloniara joan dena, edo Rajoik Valentzia erretzen ari zen bitartean animatu duena, edo zertaz harrotu ez daukan herri baten koloreak daramatzana. Hau da gure selekzioa: bere eskubideak zapaldu dituztenean duintasunez borrokara atera dena.

Eta selekzioa Soleraino iritsi zen, eta jendeak txaloka hartu zituen jokalari guztiak, eta maitasun, indar eta energia guztia eskaini zien.

Hunkigarria eta indartsua izan zen ikatzaren martxaren amaiera. Ez diot martxa beltza deitu nahi. Badakit ikatazaren koloreagatik hartu zuela izen hori, baina ilunetik baino argitik gehiago izan zuen Madrileko ibilbideak. Aspaldiko partez, guk ere sinetsi egin genuen milaka lagunen eztarri lehertu zituen oihua: ¡SI SE PUEDE!. Bai, baleike.

@ehbilducongreso