Kanpainako lehen ekitaldi handia prestatzean momentu hau posible egin duten, egin duzuen guztiengan pentsatu dut. Gure herriarentzat ahalmen iraultzailea duen ahalegina posible egin duzuen guztiongan.

Amaiur osatzen dugunok kultura politiko ezberdinetatik abiatuta, herriaren interesa alderdikerien gainetik jarrita elkarrizketa ahalegina egin dugu adostasunak bilatzeko eta Euskal Herriaren ahotsa Madrilera eramateko.

 

Eta hori posible egin duten pertsona guztien artean, Unai Ziarreta eta Arnaldo Otegik buru zuten Eusko Alkartasuna eta Ezker Abertzalearen zuzendaritzek aipamen berezia merezi dutela uste dut. Beraiek egun Aralar, Alternatiba, Eusko Alkartasuna eta Ezker Abertzaleak Amaiur babesteko konpromisoaren bidearen lehenengo urratsak eman zituzten.

Eta beraientzako txaloa eskatzeaz gain, zuen konpromisoa, zuen ahalegina, zuen lana eskatuko dizuet. Guztion artean normalizazio politikoa eta gatazka politikoaren konponbidea elkarrizketa eta adostasunaren lortzeko apustu honetan euskal gizartea inplikatzea lortu behar dugu.

Horregatik, indarrez iritsi behar gara Madrilera, herri baten indarrarekin. Gure etorkizuna jokoan dagoelako. Amaiurrek eta Amaiurrek bakarrik aldarrikatuko duelako euskal gizartearen interesak ez direla Madriletik defenditzen; Madrilek gure etorkizuna, gure herria eta gure bizitza erabakitzen jarraitzeari ezetz esaten diogula.

Independentismoaren ahotsa izango da Amaiur Madrilen. Euskal Herriaren eta bere nazio eskubideen aitortza egingo dugu. Hori izango da gure kudeaketa politikoaren ardatza. Noski baietz. Konplexurik gabe eta eskubideei uko egin gabe.

@ehbilducongreso