Euskal Herriarentzat etorkizun berri baten eraikuntzan aurrera egiteko zubi bat izateko bokazioarekin aurkezten baita Amaiur bere herriaren aurrean.

Amaiur gure herriaren bozgorailua izatea nahi dugu, beti ere, gure erreferentzia Euskal Herria eta euskal herritarrak izango direlarik. Euskal Herriaren eskubideak onartzearen exijentzia Madrilen ere ozen entzun dadila nahi dugu.

Testuinguru politiko historiko honetan, ezkerreko abertzaleak, soberanistak eta independentistak elkartzeak balio izugarria dauka. Indar ezberdinen arteko elkarketak, eraman beharko du herri hau egiazko eta behin betiko bake eszenatokira, eta herri hau sozialki ere modu bidezko eta orekatu batean eraikitzera. Horretarako, nazio gisa dagozkigun eskubideak, hala nola, eskubide ekonomikoak, hizkuntz eskubideak, eskubide sozialak, kulturalak eta ingurumenekoak aldarrikatuko ditugu Madrilen.

 

Euskal Herriak erabateko burujabetza behar du, justizia sozialean eta aberastasuna partekatzean oinarritutako eredu ekonomikoa eta soziala zein izango den, euskal herritarrek beraiek erabaki dezaten. Horregatik, burujabetza politiko eta ekonomiko osoko marko baten defentsa egingo du Amaiurrek Madrilen.

Krisi ekonomiko latz honen eta langileok pairatzen dugun eskubideen murrizketen aurrean, langileriarengan eta premia gordinenak dituztenengan eragina izango duten arloetan esku-hartze berezia izango du koalizio honek.

Euskal Herriak XXI. mendea, bakean, askatasunean eta demokrazian besarka dezan eraikitzen ari garen zubiaren parte ere izan zaitezten eta Bilbo ere ikuspegi horretan kokatzeko, ezkerreko abertzale eta independentista orori parte hartzea eskatzen diogu. Geure botxoa ikuspegi horretan kokatzeko eta etorkizun berri baten aldarrikapena egiteko deialdia da hau. Burujabetzaren, elkartasunaren, langileriaren defentsan eta gatazka politikoaren konponbidearen alde, zubiak eraiki nahi dituzten hiritarrei dei egiten diegu, zubirik zubi guztiok elkarrekin bide hau egin dezagun.

Azaroaren 12an goizeko 11tan Deustuko zubian hasi eta 12ak bitartean Deustuko Unibertsitateko pasarela, Zubi-zuria, Udaletxeko zubia eta Arenaleko zubiak jendez gainezka egotea da gure asmoa. Mobilizazio handia egin behar dugu, Nerbio ibaiaren bi ertzetatik zubirik zubi eta bertsoz bertso aldarrikapen hauek ozen abestuz, eta eguerdiko 12ak aldera Arenaleko moilan ekitaldi politiko batekin amaituz. Hainbat bertsolariren ekarpena ere eskertu nahi dugu, ekimen honetan eurak izango baitira itsas adarrean gora, aldarrikapen hauek guztiak edukiz jantziko dituztenak euren bertsoekin.

Partida, Euskal Herria eta Espainiako estatuaren artean jokatzen dena jakin badakigu eta Amaiur Madrilera doa herri gisa ditugun eskubideak aldarrikatzera. Gure erreferentzia Euskal Herria eta euskal herritarrak izango dira.

AMAIUR 2011ko Azaroaren 5ean

@ehbilducongreso