Herri erabat demokratikoa eta gizarte justizian oinarritutakoa ekarriko duen aldaketa politiko eta sozialeko prozesu batean murgilduta dago Euskal Herria.

Horregatik, Amaiurrek Madrilen egingo duen lanak bi ardatz izango ditu: gatazka politikoaren behin betiko konponbidea eta pertsonan eta ez merkatuetan oinarritzen den sistema sozioekonomikoa.

Milaka persona zailtasun ekonomikoak dituzten momentu honetan proposamen sozioekonomiko sendoa erabat beharrezkoa da. Krisiak gure baliabideen jabe izatearen beharra azpimarratu du, gure ekonomia krisi honetara ekarri gaituen eredutik aldenduta antolatzeko. Horregatik, Amaiurrek euskal gehiengo sindikalaren aldarrikapen historikoa eramango du Madrilera: lan harremanen euskal esparrua defendatuko dugu. Amaiur osatzen dugunok jarrera aurrekoietatik eraiki nahi dugu Euskal Herria, horregatik gure lan eta segurtasun sozialeko politika propioak nahi eta behar ditugu.

Konponbide garaia da ekonomia mailan eta politika mailan ere. Gatazka politikoa behin betiko konpontzeko eskenatoki egokia dugu eta hori lortzeko ahalegina zor diogu gizarteari.

Eta Amaiurrek politika mailan proposatzen duena demokrazian sakontzea da, Euskal Herriaren etorkizuna euskal gizartearena delako bakarrik. Guk hartuko dugu gure geroari buruzko erabakiak bazterketa eta betorik gabe eta aukera guztiak mahai gainean dugula. Baita independentzia ere.

@ehbilducongreso