Egun euritsua izan da gaurkoa Euskal Herrian, euria izan dugu goian behean egun guztian zehar, atertu ere egin gabe. Oztopo handiagoak gainditu ditugu, ordea, Amaiurreko kideok, euria ez da lanean jarraitzeko oztopo izan! Aterpeak bilatu, aterkiak hartu eta kanpaina egiten jarraitu dugu.

Bilbon “Zubirik zubi, bertsorik bertso” ekimena aurkeztu dugu. Azaroaren 12an egingo da ekimena Bizkaiko hiriburuan. Goizeko 11tan Deustuko zubian hasi eta 12ak bitartean Deustuko Unibertsitateko pasarela, Zubi-zuria, Udaletxeko zubia eta Arenaleko zubiak jendez gainezka egotea da gure asmoa. Nerbioi ibaiaren bi ertzetatik zubirik zubi eta bertsoz bertso aldarrikapenak ozen abestuz, eta eguerdiko 12ak aldera Arenaleko moilan ekitaldi politiko batekin amaituz.

Gasteizen Alde Zaharrean ospatzen ari den Eskola egunaren testuinguruan, Iker Urbina Arabako zerrendaburuak beste hautagaiekin batera propaganda banaketan parte hartu du.

Arratsaldean aterpe erraldoi bat aukeratu dugu, Anaitasunakoa. Baina, hainbeste izan dira Iruñaraino etorri diren lagunak, aterpe hori bera ere txiki geratu zaigula!

Anaitasunakoa izan da kanpainako gure lehen ekitaldi nazionala. Rafa Larreinak eman dio hasiera ekitaldiari, momentu hori posible egin duten guztiengan pentsatuz.

Maite Iturre izan da hitz egiten ondorengo; bere lehen hitzak Joseba Compainsentzat izan dira, Amaiurreko kideak jasandako erasoa gogoratu eta elkartasunezko besarkada beroa bidali dio Iturrek eta Anaitasuna osoak. Faxismoaren aurrean, Amaiurrek hitza, politika, giza eskubideak eta demokraziaren armak bakarrik kontrajarriko dituela azpimarratu du Iturrek.

 

Arnaldo Otegik ere hartu du parte Pernando Barrenak irakurritako gutun baten bidez. Logroñoko kartzelatik idatzitako gutunean, preso dagoen politikariak gogoratu du, benetako bake eta normalizazio politikoa lortzeko bidean euskal gizartea dela protagonista, herritarrak guztiak garela giltza. Horretaz gain, PPri eta PSOEri Euskal Herriaren existentzia eta autodeterminazio eskubidea onartzeko eskatu die Otegik bere gutunean.

Espainiako eta Frantziako Estatutuek ezarritako eredu autonomikoak eta itun konstituzionalak porrot egin dutela ere adierazi du politikariak eta Madrilera erabakitzeko ahalmena eskatzera joan behar dela uste dio. Horretarako balio duen boto bakarra Amaiurrena dela nabarmendu du gainera.

Sabino Cuadrak eman dio amaiera ekitaldiari. Amaiurreko parlamentariak eta senatariak besaulkiak berotzera, patrikak betetzera eta alferkeri hutsean bizitzera ez direla joango Madrilera esan du Cuadrak, herritar ororen eskubideen aldarrikapena eta defentsa egitera baizik. Madrilera, langile, gazte, emakume, jubilatu eta etorkin guztien eskubideak eta eskakizunak defendatzera joango garela azpimarratu du.

 

 

@ehbilducongreso