Espainiako gobernuak 2013ko aurrekontu onartu dituela eta, hausnarketa hauxe Amaiurrek:

Lehenik eta behin, aurrekontuek ez diete herritarren beharrizanei erantzuten. Ez behintzat euskal gizartearenari. Eta oker ez bagabiltza, ezta estatuko herritarrenei ere.

2012ko aurrekontuen jarraipena besterik ez dira Rajoyren gobernuak datorren urterako aurkeztu dituenak. Pribatizazio gehiago, gastu sozialean murrizketa gehiago eta sektore publikoaren suntsitzea. Hau da, ongizate estatuaren desegitea.

2013rako Espainiako gobernuak onartu dituen aurrekontuek dagoen eta aberraziorik handienetakoa ofizial egiten dute; banku handien zor pribatua zor publiko bihurtu. Aurrekontuok porrot egin duen eredu zaharkituan sakontzen dute.

Gainera, Alderdi Popularra bultzatzen ari den estatuaren berzentralizazio prozesura egokitutako aurrekontuak dira. Ez diote beraz, estatuaren izaera plurinazionalari erantzuten.

Euskal Herrian ireki den garai berriari dagokionean, aurrekontu hauek ez dute konponbide prozesutik sorturiko erronka berriei aurre egiteko inolako diru partidarik aurre ikusten.

Bigarrenik, eta Espainiako gobernuak aurkeztu dituen aurrekontuen azterketa sakonagoa eginez, nabarmendu beharra dago lehen aldiz historian, zorraren ordainketa –pentsioak salbu- aurrekontuetako partidarik handiena dela. Langileen ordainketarena eta langabezia zerbitzuena baino handiagoa eta Ministerio guztiek daramatenaren adina.

Ezinezkoa da zorraren finantziazioa azken 40 urtetan lortutako garaipen sozialen zati handi bat suntsitu gabe egin. Beraz, gizartearen gehiengo zabalaren interesak lehenetsi behar dira espekulazioan, ustelkerian eta gehienon bizkarrera aberastutako gutxi batzuen interesen gainetik.

Hain zuzen, langabezia tasak gora egingo duela onartu arren, langabetuei zuzendutako laguntzek ehuneko 6,3 egingo dute behera. Eta hau gutxi balitz, laguntza hori agortu dutenentzako 400 euroak bertan behera geratuko dira.

Era berean, salagarria da ere bai, estatuak finantza entitateei ematen dien laguntzari esker bankuen zor pribatua zor publiko bihurtzen duen prozesua egonkortzen dutela 2013rako aurrekontuek. Hau da, herritarren eta aurrekontu publikoen bizkarrera banku pribatuen egoera onbideratu egiten du estatuak.

Espainiako gobernuak eskainitako datuen arabera, argi ikus daiteke gizarte arloko ministerioak direla murrizketa handien jasango dutenak. Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen ministerioak %24,4, Osasungintza publikoak %22´6, udalek %40, Industriak %21,3, Hezkuntzak %14´4 (unibertsitateak %18´3, FP eta hizkuntzek %38). Hau da, bataz bestekoaren (%8,9) oso goitik. Eta are gehiago, langile publikoen kopuru eta soldatak izoztu arren, goi karguenak %4,3 handitzen dira eta Errege Etxearenak %4,3 soilik egiten du behera.

Nork ulertu dezake industria eta hezkuntzako aurrekontuak murriztuz krisitik irten gaitezkeenik?, Zein motako gizarte eredua eraiki nahi dute elikadura eta ingurumenera bideraturiko aurrekontuak %24 gutxituz?

Behin eta berriz esan dugu PPren gobernua gezurtia dela. Ez da bere hauteskunde programa betetzen ari. Eta erreforma guztietatik, bada oraindik hasi ez duen bat. Pentsioena. KPI-rekin batera gaurkotu beharreko pentsioez ez du txintik esan eta gure susmoa da, Galiza eta Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeen ostean pentsioek murrizketa basatiak izango dituztela.

Nabarmena da aurreko urteetako aurrekontuen bide beretik doazela 2013koak ere. Sektore publikoaren suntsitzea errealitate bat da. Sektore publikoko langileak dira politika atzerakoi hau gehien nozitzen dutenak. Soldaten eta langile kopuruaren murrizketak administrazioak eskaintzen dituen zerbitzuei kalte egingo die (hezkuntza, osasuna, gizarte zerbitzuak...). Hala ere, barne eta defentsa ministerioek ez dute horrelako murrizketarik izan. Are gehiago, gogora dezagun defentsa ministerioa izan dela 2012an bere aurrekontuak handitu dituen bakarra. Onartezina!

Aurrekontu hauek Euskal Herriak autodeterminazio eskubidea onartua izateko beharra berresten digute. Ez da posible hondora doan estatu bati eskuz eta hankaz loturik jarraitzea. Euskal herritarren euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dute, baina horretarako lan tresnak behar ditugu. Euskal Herriak bere aurrekontu propioak prestatu eta onartzeko gaitasuna izan behar du. Ezinbestekoa dugu burujabetza ekonomiko, fiskal eta soziala izatea etorkizunera begira eredu justu eta bidezkoago bat eraikitzeko.

Honegatik guztiagatik, 2013. urterako Espainiako gobernuak onartu dituen aurrekontuei EZETZ esango die Amaiurrek.

@ehbilducongreso