Datorren larunbatean Anoetako Belodromoa betetzeko erronka jarri du Amaiurrek. Ez da erronka txikia, baina betetzeko gaitasuna dugula badakigu. Horretarako zuen guztien laguntza behar-beharrezkoa da. Azaroaren 5ean Iruñeko Anaitasuna txiki geratu zen bezala oraingoan Euskal Herrian egingo den hauteskunde ekitaldirik handiena egiteko deiarekin gatoz. Sarean ere lagundu ahal duzu ekitaldi hau hedatzen, horretarako Facebooken sortu dugun ekitaldian parte-hartuz eta zure lagunei gonbidapenak bidalita, adibidez.

Gaur goizean ekitaldia iragartzeko prentsaurrekoa burutu dugu Bilbon. Bertan kanpainako lehen egunetako balantzea egiteko ere probestu dugu. Hauxe izan da bertan irakurritako testua:

-QQXD8r5o

Amaiur-en hastapenetatik adierazi dugun moduan, hauteskunde hauek testuinguru oso garrantzitsu batean burutuko dira: Izan ere, Euskal Herrian ireki den aro politikoan, behin betiko bakean eta konponbide demokratikoan sakontzeko aukera bikaina dira hurrengo hauteskundeak.

Horretarako, Euskal Herriari eta euskal herritarrei dagozkien eskubideen defentsa eta aldarrikapena egingo dugu, eta izaera historikoa duen gatazka politikoa gainditzeko oinarriak eramango ditugu; hau da, Euskal Herria nazio gisa aitortzea eta modu zilegi eta demokratikoan dagokion erabakitzeko eskubidea. Azken baten, euskal herritarrek duten hitz egiteko eskubidea exijitzera goaz Madrilera.

Egoera berri honetan ordea, eraso zein jazarpenek ez dute etenik. Amaiur-eko hautagai batek jasandako eraso eta heriotz mehatxuen inguruan interpelatu genituen gainontzeko alderdiak ostiralean. Inork ez du txintik izan. Biolentzia guztien aurka omen zeuden horiek beste aldera begiratu dute berriro ere.

Egun, esentzian antidemokratikoa den Estatu bat du parez pare Euskal Herriak. Izan ere, Estatu espainiarrak ez ditu ez Euskal Herria ez dagokigun erabakitze eskubidea aitortzen. Gure oraina eta geroa hainbat alorretan hipotekatzen digun Estatu bat dugu parez pare: arlo politikoan, ekonomikoan, sozialean, ingurugiroari dagokionean… Proiektu horren ordezkari nagusia, eta are gehiago azaroaren 20tik aurrera, PP izango da.

Amaiurrek ordea, etorkizuneko proiektu bat defendatzen du. Autodeterminazio eskubidearen gauzatze zilegi eta demokratikotik, ikuspuntu aurrerakoi batetik eraiki nahi dugu etorkizuneko Euskal Herria. Gaurtik hasita, justizia sozialaren, parekidetasunaren eta Ama Lurrarekiko errespetutik gauzatu behar dugu aldaketa politiko eta soziala.

Alderdi ezberdinek azken urteotan izandako jarrerek eta azken egunotan esandakoak argi eta garbi adierazten dute egun, gure herriari bi proiektu eskaintzen zaizkiola: PPk ordezkatzen duen proiektu ukatzaile eta atzerakoira, eta Amaiur-ek planteatzen duen Euskal Herria berria. Gaurtik hasita, justizia sozialaren, parekidetasunaren eta Ama Lurrarekiko errespetutik batetik eraiki behar dugun etorkizuneko Euskal Herria.

Amaiur-ek argi du: Burujabetza politiko eta ekonomiko osoko esparru baten defentsa burutuko dugu Madrilen. Zalantzarik ez dugu, Euskal Herriak burujabetza politiko eta ekonomikoko marko bat eraikitzen duenean marka guztiak hautsiko ditu: demokrazian, eredu sozial aurrerakoi baten garapenean, aberastasunaren banaketan, justizia sozialean zein berdintasunean.

Horretarako ordea, ezinbestekoa deritzogu herritarren parte-hartzea. Zentzu horretan, eta kanpainaren balorazioa egiten ari garenez, oso baikor da Amaiur: azken egunetan Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat herrietan burutu diren ekitaldi eta ekimen ezberdinetan milaka lagun bildu dira. Larunbatean Nafarroaren bihotza bihurtu zen leporaino bete genuen Iruñeko Anaitasuna. Datozen asteetan ehunka ekitaldi eta ekimen antolatzen ari dira Hego Euskal Herri osoko ehunka herritan.

Kanpaina honetako zita nagusia den azaroaren 20aren aurretik ordea, badugu zita oso garrantzitsu bat: datorren larunbatean Amaiur koalizioak kanpainako ekitaldi nagusia burutuko du Donostiako Belodromoan. Gure deia beraz, Euskal Herria beste parametro batzuetatik eraiki nahi duten herritar guztiei, Belodromoa txiki utz dezagun.

@ehbilducongreso