Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentarioak ahozko galdera bat errejistratu du, Nafar Gobernuak ekimen honen aurrean daukan jarreraren inguruan. Sarek, euskal presoen giza eskubideen aldeko plataforma herritarrak, orain dela egun batzuk jakinarazi zuen Gasteizko zein Iruñeko gobernuei proposatu diela aipatutako Behatokia sortzea. Beren proposamenaren arabera, erakunde hori hainbat esparrutako profesional eta aditu independienteen talde anitz batek osatu beharko luke, espetxe eremuan ematen diren eskubide urraketak modu objektiboan azter ditzan.

Bakartxo Ruizek gogora ekarri duenez, “Nafar Parlamentuak presoen egoera xeheki ezagutzeko aukera izan du aurreko ikasturtean, Sare plataformarekin berarekin eta Etxerat elkartearekin egindako hainbat lan-saiori esker”. Ruizek adierazi duenez, “jendartean eta Parlamentuan ere gehiengo politikoa presoen giza eskubideak errepetatzearen eta salbuespen neurriak bertan behera uztearen aldekoa den neurrian, Nafar Gobernuak egoera xeheki aztertzeko betebeharra dauka, eta behin eta berriro salatzen diren giza eskubideen urraketak gerta ez daitezen neurri eraginkorrak hartzeko”.

Honen harira, EH Bildu Nafarroa-ko parlamentarioak adierazi du “bide honetan urrats bat izan daitekeela Sarek egindako proposamena”.

Amaitzeko, Bakartxo Ruizek preso guztien giza eskubideak errespetatzeko exijitu du, eta lehentasunezkotzat jo du sakabanaketa eta urruntze politika bertan behera uztea, eta gaixorik dauden presoak etxeratzea.