Nafarroako EH Bilduko Hezkuntza arloko bozeramalea den Miren Aranoak begi onez ikusi du testu liburuen edukia mugatzen zuten Gobernu dekretuak bertan behera uzteko hartu den erabakia. “UPNren dekretuen derogazioak, ikastetxeen askatasuna bermatuko du, ikastetxe bakoitzak modu askean erabakiko baitu ze testu liburu erabili, kalitatearen irizpidea erabiliz, inolako mehatxu, zensura edo ta inposaketa ideologikorik gabe” adierazi du Aranoak.

EH Bilduko bozeramaleak UPNri ere erantzun dio, alderdi erregionalistak gogor kritikatu baitu hezkuntza erabaki hau. “UPN-k Hezkuntza Komunitateari inposatutako zentsura izan da azken urteotan kolektibo honek jasan duen mespretxurik handiena, testu liburuen hautaketa askea debekatuz” salatu du Aranoak, “orain bertan behera geratzen diren foru dekretuak sektarismoa eta obsesioaren marka zuten, UPNk defendatzen duen Nafarroako ikuspegia hekuntza sistema osoan inposatu nahi izan duten arauak, Nafarroako zati haundi bat alboratuta uzten zuen ikuspegia”. EH Bilduko bozeramaleak “gaur ikusten ari gara UPNren aurpegi zentsorea berriz ere. Tamalez PSN ere atzetik doa, biek ere Hezkuntza bezalako gai sensible bat, helburu politikoetarako erabiliz, inolako hezkuntza irizpiderik gabe”.