Gaur egin da aldaketa sustengatzen duten lau indarren (Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra) eta Nafarroako Gobernuko ordezkarien artean Jarraipen Batzordearen lehenengo bilera, ikasturte politikoari hasiera emateko.

Modu honetan, datozen asteotan eginen den bilera zikloari ekin zaio. Hurrengo egunetan lau indar politikoen eta Nafarrroako Gobernuaren arteko bilera orokorrak bai eta sektorialak ere eginen dira, departamentuz departamentu. Koordinazio bilera hauek helburu argiak dituzte: aldaketa politikoaren lehen urteko balantzea egin, talde parlamentarioen eta Gobernuaren jardunaren arteko koordinazioan eta lanean hobekuntzak adostu eta ikasturte berrirako lehentasunak ezarri.

Gaur izandako lehenengo bileran, lau alderdiek balantze positiboa egin dute aldaketa politikoaren lehen urte honi dagokionez, akordioetara iristeko eta agertu diren zailtasunak kudeatzeko izan duten gaitasuna balioetsiz. Akordio programatikoa betetzeko eta kudeatzeko hobekuntza-ildoak jorratu dituzte, bai eta lau indarren eta Nafarroako Gobernuaren arteko informazio trukaketa eta koordinazioa hobetzeko neurriak ere. Besteak beste, Jarraipen Batzordearen bileren maiztasuna eta funtzioak landu dituzte lehen bilera honetan, eta desadostasunen kudeaketa egokiago egokiteko neurriak.

Datozen asteotan eginen diren bilera sektorialen ostean, iraila hasieran Jarraipen Batzordearen beste saio batekin bukatzea espero dute kurtso hasierako ziklo hau. Azken bilera honetan, kurtso politikorako lehentasunak ezarri eta datozen hilabeteetako lanak adostuko dira. Era berean, lau indarren eta Nafarroako Gobernuaren arteko funtzionamendu eta koordinazioan hobetzeko neurriak hartuko dira.

Azkenik, pasa den udan adostutako Akordio Programatikoaren aldeko konpromisoa berretsi dute guztiek, Nafarroako aldaketa politiko eta sozialean sakontzeko lan tresna ezinbestekotzat joz.