Fernando Dominguez Osasun Kontseilariaren agerraldia eskatu du EH Bilduk, Ospitaleko sukaldeen zerbitzura kudeaketa publikora itzul daitezen prozesuaren egoeraz azalpenak eman ditzan. ”2012an UPNren gobernuak Nafarroako Ospitale Gunerako elikadura zerbitzua pribatizatu zuenetik lau urte pasata, 2016ko irailean amaitu da Mediterranea de Catering enpresarekiko lau urteko kontratua” azaldu du Osasungitzako bozeramalea den Bakartxo Ruizek “uste dugu badela ordua publifikaziorako bidean urratsak emateko”.

“Jakin badakigu momentuz kontratua luzatu behar izan dela, sukalde-zerbitzua arlo publikora itzultzeko prozesua hasi bitartean” adierazi du Ruizek “Osasun Departamentuaren asmoa zein den jakin nahi dugu, horrexegatik kontratu luzapen hau noiz arte egin den azaltzea nahi dugu”. Osasun Departamentuak orain dela hainbat hilabete azaldu zuen publifikazio prozesua partziala izanen zela momentuz, elikagaien hornidurari dagokiona eta sukalde-lanak izanen baitziren eremu pribatutik aterako zirenak. “Jakin badakigun arren aurrekontuen eztabaida bertan dugula eta Osasun Departamentuak izango duen ahalmen ekonomikoak ere baldintza dezakeela prozesua, agerraldian hainbat kontu eta zalantza argitzea nahiko genuke, aurrerapausuak eskatuz, ezin baitugu ahaztu Akodrio Programatikoan hartutako konpromezu baten aurrean gaudela”.

Publifikazio prozesuaren egoeraz galdetzeaz gain, Fernando Dominguez kontseilariaren agerraldian EH Bilduk beste hainbat galdera eginen ditu. Alde batetik pribatizatuta geratuko den zerbitzuaren atalari dagokionez, berriro esleitzeko zein epe aurreikusten duen galdetuko zaio. Bestetik, epe ertain-luzean kate hotzeko sistema mantentzea behin-betiko erabakitzat jotzen den, ala aztertu den sistema mixto edo tradizionalera jotzea. Azkenik, zein den egungo egoera zerbitzuaren eta janariaren kalitateari dagokionez, aldaketarik izan den enpresarekiko eta zerbitzuarekiko kontrol eta jarraipen mekanismoei dagokienez, etab.. galdetuko zaio kontseilariari.