Nafarroako EH Bilduk, Fernando Dominguez Osasun kontseilariaren agerraldia eskatu du Parlamentuan, ospitaleko laborategien kokapen berriari buruz azalpenak eman ditzan. 2017an bukatuko da CIB-en, egungo kokapenean egoteko aukera.

Hasiera batean, laborategiak Bideko Ama Birjinaren ospitala zenaren lehen solairuetan kokatzeko asmoa zegoen, egungo CHN-B eraikinean. Bainan pasa den ekainean EH Bilduri emandako erantzun parlamentario batean, Osasun Kontseilariak aurreikuspen hori aldatu eta eraikin berri bat eraikitzeko asmoa azaldu zuen. Instalazio berri hauek egun Pabilioi Urdina bezala ezaguna den zonaldean eginen lirateke.

“Zalantza sortzen digu eraikin berri bat egin beharrak, horregatik, Dominguez kontseilariari azalpenak eskatzen dizkiogu, ze alternatibak landu diren jakin, ze irizpide tekniko eta ekonomiko erabili diren erabakia hartzeko eta obra hauetarako Osasun Departamentuak aurreikusten duen inbertsioa zenbatekoa izanen den ezagutzeko” adierazi du EH Bilduko Osasungintza bozeramaleak, Bakartxo Ruizek.

“Urteetan UPNk egindako porlanaren politiketara itzultzeak kezkatzen gaitu” gaineratu du Ruizek, “erregimenak hormigoiaren politikak ezarri zituen, inolako irizpide tekniko eta ekonomikorik gabe, kasu askotan eraiki ziren azpiegituren irekiera eta funtzionamendua atzeratu eta baldintzatu zituenak”. “Inbertsio publikoetan lehentasunak ezartzea derrigorrezkoa dugun testuinguru ekonomiko honetan, EH Bilduk seriotasuna eskatzen dio Nafarroako Gobernuari, honelako gastu garrantzitsuen aurrean, ezin baitugu ahaztu laborategiak bezalako obra publikoek aurrekontu esfortzu handia eskatzen dutela” bukatu du Bakartxo Ruizek.