Nafarroako Gobernuak administrazio publikoetan Nafarroako berezko hizkuntzen erabilera arautzeko dekretua osatu du. “Balorazioa esaldi labur batean bildu daiteke: aurrerapauso batzuk ekarri ditzake, euskarari ate batzuk irekitzeko ahalegina egin da, baina motz gelditzen da. Gehiago eman zezakeen, eta gehiago eman behar zuen. Daukan alderdi ona aitortzen diogu, baina dauzkan gabeziak kritikatzen dizkiogu” adierazi du prentsaurrean Dabid Anaut EH Bilduko parlamentariak, “dekretuak izan behar du herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko tresna bat. Lehen baino aukera handiagoa egonen da zenbait alorretan, baina dekretua ez da iritsiko eskubideen bermean iritsi beharko lukeen tokira, ezta irits zitekeen tokira ere”.

Aurrerapausu argiak ditu dekretuak, eta sumatzen zaio aurrera egiteko borondatea. Alde batetik, zerbitzu zentralak sortzen dira, lehen ez zegoen horrelakorik: planteatzen du bi hizkuntzak zerbitzu hizkuntza gisa erabili ahal izatea, eta hizkuntza erabiltzeko irizpideak zehaztea. Beste alde batetik, eremu ez-euskaldunean ate batzuk irekitzeko planteamendua: planteatzen du bi hizkuntzak zerbitzu hizkuntza gisa erabili ahal izatea eta hizkuntza erabiltzeko irizpideak zehaztea, ezaugarri soziolinguistikoen arabera. Lanpostu deialdiei dagokionez, merituen kuantifikazio argiagoa egiten du, eta eremu mistoan euskara lanpostu guztietan baloratzea.

Dekretuak hala ere, badu hutsunerik ere, EH Bilduren ustetan. 1986ko Vascuencearen Legean oinarrituta dagoen momentutik zonifikazioa mantentzen du, legeak berak duen akatsik handiena dauka. Ez du formularik aipatzen administrazioek beren plantilla organikoetan euskararen eskakizunak izan behar duen indizea edo tasa zehazteko. Ez dago, beraz, bermerik. Ez du zehazten nork, noiz eta nola erabakiko duen zein izanen diren lanpostu elebidunak, eta alde horretatik eskaintzen duen bermea eskasa da. Bestalde, zenbaitetan argitasun edo konpromiso handiagoa eskatu behar zaio, “elebietan egin ahalko da” bezalako esaldien ordez “ele bietan eginen da” bezalakoak erabiliz.

Dekretu hau Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikaren atal bat da, atal garrantzitsu bat. Honetan, eta gainerako guztietan, ausart jokatu behar dela uste du EH Bilduk, oposizoak egiten duen presio ikaragarriaren aurrean kokildu gabe. “Interes politiko jakin batzuengatik oposizioko alderdiek euskararekin fronte bat ireki dute, eta hiruek ere oso jarrera oldarkorra agertzen ari dira” azaldu du Anautek, “jarrera hori utz dezaten dei egiten diegu, noski, eta datozela euskaarren aldeko frontera. Eta, hala ez bada, hizkuntza politikan beldurrik gabe ari dadin eskatzen diogu gobernuari. Nafarroan aldaketak horri ere erantzun behar dio. Gu hor egonen gara. Herritarren hizkuntza eskubideak daude jokoan eta, askotan esan dugun bezala, demokraziaren eta justizia sozialaren alorrean kokatzen den auzi bat da”.