Aste honetan ezagutu da, estatuko abokatuak, Nafarroak onartutako Sexu eta ugalketa osasunari buruzko dekretuaren kontra eginen duela. Antza denez, egoera administratibo irregularrean diren pertsonek, arauak ematen dizkien zerbitzuetara jo ahal izatea ukatzen du estatuak, 8/2013 Foru Legearen arabera osasun asistentzia unibertsala bermatua dutelarik.

EH Bilduren iritziz, egoera larria da. Beste behin ere agerian geratzen da Espainiar Estatuak pertsonak baztertzeko duen nahia, baita Nafarroan bizi diren pertsonek aitortuak dituzten sexu eta ugalketa osasuna eskubideak murrizteko asmoa ere.

EH Bilduk gogorarazi nahi du azken urteotan Estatuak martxan jarri duen politika zentralizatzaile gogorra. Oinarrizko legediari buruzko neurriak eta murrizketa errepikatuek, foru lege eta hainbat dekreturen kontrako helegiteak ekarri dute, Nafarroako gehiengo sozial eta politikoak erabakitakoaren kontra. Horretarako Auzitegi Konstituzionala erabili du Madrilek, bertako borondate eta nahien gainetik pasatzeko.

Azken errekurtso honi dagokionez, EH Bilduk, beren egoera administratiboa zein den kontutan hartu gabe, pertsona guztiendako arreta sanitarioa bermatzeko konpromezua berretsi nahi du. Are gehiago, dekretu honek hezkuntza afektibo-sexuala, prebentzioa, haurdunaldiak eten, laguntza bidezko ugalketa edo ta pertsona transexualendako atentzioa bezalako oinarrizko eskubideak biltzen dituen neurrian.

Horregatik, Bakartxo Ruiz parlamentariak, galdera erregistratu du Parlamentuan, Nafarroako Gobernuak egoeraren irakurketa egin dezan eta pertsona guztiendako eskubideak bermatzeko hartuko dituen neurrien inguruan.

Foru parlamentariak adierazi duen moduan “gogor defendatu behar dugu dekretu honen behar eta garrantzia, baita nafar guztiok, pertsona guztiendako eskubideak bermatzeko beharrezkoak ditugun tresna propioak izateko eskubidea”.