Beste behin ere Madrilen hartzen diren erabakiek, ergain zuzena dute Nafarroako herritarrengan. Oraingoan, erreposizio tasa ezartzerako orduan Estatuko Gobernuak izan duen jarrerak, ikasturte honetarako espero ziren bigarren hezkuntzako irakasleen oposaketak bertan behera uztera behar du Nafarroako Gobernua.

EH Bilduren iritziz, egoera honek Nafarroarako eta Nafarroan egindako hezkuntza sistema propio baten beharra agerian uzten du. Madrilen menpe ez dagoen sistema behar du Nafarroak, hemen langileak, ikasleak, inbertsioak edo ta kurrikulumari buruzko beharrezkoak ikusten diren erabakiak hartzeko.

Segurtasun juridiko ezak eta Estatuak oposaketen kontra helegitea aurkez zezakeenaren mehatxuak, bertan behera utzi dute ehunka irakaslek itxaroten eta prestatzen ari ziren deialdia. Urteetan bigarren hezkuntzarako plazarik deitu gabe, egoerari buelta eman, lan postuak egonkortu eta hezkuntza kalitatea hobetzea bilatzen zuen oposaketa deialdia bertan behera geratu da.

EH Bilduk lanean jarraituko du, datorren urteko oposaketek, Nafarroak dituen beharrei erantzun, denboraz deitu eta zerrenda bakarrarekin aukera berdintasuna bermatu dezaten.