Mozioa erregistratu du Nafarroako Parlamentuan EH Bilduk, Nafarroako Gobernuak NUPeko arduradunekin elkarlanean, Medikuntza Gradua NUPen ezartzeko aukera sakonki eta xeheki azter dezan. 6 hilabeteko epea ematen dio, bideragarritasun plan bat eta ikasketa berri hauek eskaintzeko sortuko den lan taldeak osatutako ondorio txosten bat Parlamentuan aurkezteko.

“Medikuntza gradua NUPen ezartzeko aukera sakon aztertzea aspalditik mahai gainean dagoen eskaera soziala da” azaldu du Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentariak, “jendartearen %84ak uste du NUPek titulazio gehiago eskaini behar dituela, eta horietatik %51ak uste du Medikuntza eskaini beharko lukeela. Bestetik, urtero bataz beste 86 ikaslek egiten dute espediente lekualdatzea Medikuntza Nafarroatik kanpo edo unibertsitate pribatuan ikasteko. Eta luze hitz egin liteke, azkenik, NUPen eskaintza urriaz, bereziki zientzia eta Osasun eremuan”.

Ruizek aurkeztutako mozioak azaltzen duenez, 2009an Nafarroako Parlamentuaren gehiengoak Medikuntza ikasketak ezartzeko bideragarritasun plana eskatu zuten. Une horretan 15-18milioi euroko inbertsioa beharrezkoa zela aurreikusi zen. “Zortzi urte luze pasa dira, jakina, eta bideragarritasun plan hau egokitu eta gaurkotu beharko litzateke” adierazi du Ruizek.

EH Bilduren iritziz oso berandu ekin zaio afera honi eta bideragarritasun azterketa egitea ezin da gehiago atzeratu, honezkero egina beharko zuelako. “Momentu klabea da NUPerako” esan du Bakartxo Ruizek, “bere etorkizuneko argazkia definitzen ari da, titulazio berriak txertatuz, eta plangintza osoa eginez. Erabaki akademiko eta politikoak hartzeko garaia da, beraz”. Hori dela eta, denbora gehiagorik ez galtzeko eskatu dio Gobernuari.