Pentsioak oinarrizko soldatara berdinduko dituen foru legea aurkeztu da Nafarroako Parlamentuan aldaketa babesten duten 4 indarren eskutik. “Madrilen, murrizketek sortutakoa, Nafarroako baliabide propioekin, konpondu eta osatzean datza foru lege hau” adierazi du Asun Fernandez de Garaialde parlamentariak.

“Adostutakoa aurrerapausu garrantzitsua da, errenta kontributibo guztiak, ez soilik alargunenak, SMIarekin berdinduko direlako” azaldu du Fernandez de Garaialdek. Hala ere, partxe honek egungo egoeraren gabeziak agerian utzi ditu. “Argi dagoena da Nafarroak pentsio sistema propioa behar duela” adierazi du EH Bilduko bozeramaleak, “ezin gaitezke hemen Nafarroan, Madrilek egiten duena osatzen eta partxeatzen egon; Nafarroak sistema propioa behar du, Nafarroatik Nafarroarako pentsio duinak bermatu daitezen”.