Nafarroako Parlamentuak begi onez ikusi du egun Vascuencearen Legearen arabera “zonalde ez-euskaldunean” kokatzen diren 11 herri, “zonalde mixtora” pasatzeko egin duten eskaria. EH Bilduk babesa erakutsi dio ekimenari, hala ere, Nafarroa osoko biztanleendako konponbidea, Vascuencearen Lege baztertzailea bertan behera uztea dela azpimarratuz.

1986ko Euskararen legeak ez ditu udalak eta herritarrak asetzen. Hori da udalek eskualde mistora pasatzeko egin duten eskaera zabalaren aurrean EH Bilduren lehendabiziko konstatazioa, eta horrela luzatzen dute eskaria: euskararen legea aldatzea eta ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzea, zonifikazioa behin betiko gaindituta. Udalek jakin badakitenez eskaera orokor horri oraindik erantzuna ez zaiola eman Parlamentu honetan, hori iristen den bitartean beste urrats batzuk ematea. Zehazki, eskualde ez-euskaldunetik eskualde mistora pasatzea. Ulertu behar da, eta guk hala ulertzen dugu, udal horiek euskararen normalizazioan urratsak egin nahi dituztela. Alegia, euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko urratsak eman nahi dituztela. Zorionez, badago udal horietan eta herri horietan euskararen aldeko grina eta gogoa.

Udalek euskararen normalizazioan urrats bat egiteko babesa eskatu dute, eta EH Bilduk eskaera horri babesa emanen dio, zuzena delako. Eta eskualde mistorako ate hori ireki ondoren, aukera hori baliatu eta urrats praktikoak eta eraginkorrak ematera animatu nahi ditugu gainera.
Baina udalek bigarren eskaera bat ere jaso dute beren mozioetan, zonifikazioa gainditzea eta euskararen ofizialtasuna lurralde osora hedatzea, eta horri ere babesa eman nahi dio EH Bilduk, eta berretsi nahi dugu hori oraindik ere egiteko daukagula, erronka eta apustu garrantzitsu bat dela, eta ez dugula helburu hori eperik gabe ahaztu edo atzeratu behar. Nahi izanez gero, gaur bertan has gaitezke horren inguruan lanean.