Iruñeko kartzelaren egoeraz lan saioa egin da Nafarroako Parlamentuan Salhaketa taldearekin. Adierazi dutenez, egunko kartzela erdi hutsik dago, erabili gabe; eta zerbitzu gehienak martxan jarri gabe. Horrexegatik, EH Bilduk bate gin du haien aldarrikapenarekin, Nafarroarendako kartzela gaietako eskumenak eskatuz. “Nafarroak betidanik defendatu du gai honetan duen eskumena, abiapuntu argi batetik: hemen kudeatzen dena, hobeki kudeatzen da eta preso dauden pertsonak zerbitzu hobeagoak izanen dituzte” azaldu du EH Bilduko bozeramalea den Bakartxo Ruizek, “eta ez da aldarrikapen berria, halaxe egiten zen 1922an eta baita aurretik ere, eta gaur egun ikusten dugunez oraindik ere eskatu beharreko eskumena da”.

LORAFNAN lehendabiziko tokian azaltzen da kartzela eskumenen eskakizuna, beraz konpromezu politikoa argia da. “Honetaz gain, badaude arrazoi objektiboak osasun arloan, eskubide sozialetan, hezkuntza gaietan…eskumen hau gure gain hartzeko, helburu argiarekin: preso diren pertsonek, herritar guztiok ditugun eskubide berberak bermatuak dituztela lortzeko. Salhaketak azaldu duen txostenak erakutsi duenez, gaur egun betetzen ari ez diren eskubideak” adierazi du Ruizek.

Egungo kartzelaren egoera ere, eskumen hau eskatzeko beste argudioetako bat da, parlamentuko saioan azaldu denez. “Gaur egun 200 nafarrek, Iruñetik kanpo ari dira zigorra betetzen” azaldu du Bakartxo Ruizek, “tamalgarria da hau gertatzea eta tamalgarriagoa da jakinda Iruñeko kartzelak soilik heren bat duela beteta”. Zentzu honetan, Madrilgo gobernuaren utzikeriari leporatu dio Iruñeko presondegiaren egoeraren ardura “agerikoa da kartzela hau hobetzeko dagoen borondate eza, ez dituzte funtzionarioak kontratatzen, ez dituzte zerbitzuak martxan jartzen…eta adibide gogorrak baditugu, esate baterako amentzako modulo baten faltarengatik, beste kartzela batetara eraman behar izan dituzten emakumeekin”.