Hezkuntza arloko LEParen osteko zerrenda bakarraren sistema bertan behera utzi nahi du PSNk, horretarako lege proposamena aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan. “PSNren sektarismoa berriz ere agerian geratu da ekimen honekin” adierazi du Miren Aranoa, EH Bilduko hezkuntza bozeramaleak, “urteetako hizkuntz eta lan bazterkeria mantendu nahi du, ezagutzak, kasu honetan hizkuntz ezagutzak, zigortuz. PSNren proposamenak euskera eta gaztelania menperatzen dituzten irakasleendako diskriminazioa suposatzen du, aukera gutxiago izatera zigortuak baitira”.

PSNren ekimen hau aurrera atera ez dadila espero du EH Bilduk, aldaketaren bidean, nafar guztien eskubideen zabalkundean pausuak ematen jarraitzeko eta lanpostu publikoetarako sarreran meritu eta gaitasun irizpideek agindu dezaten.