Dabid Anaut, EH Bilduko parlamentaria eta batzorde bereziko presidentea

Nafarroako Parlamentuan Euskararen Lege berri baterako proposamena osatzeko Batzorde Berezi bat eratu eta abiatu da egunotan. Lehendabiziko saioa egin duen egun berean jakin dugu UPNk eta PPk Batzordean ez parte hartzea erabaki dutela, eta PSN ere gauza bera eginen ote duen aztertzen ari dela. Horretarako arrazoiak, nonbait, honakoak dira: alde batetik, euskararen legezko estatusa aldatzeko Nafarroako Foru Eraentza Hobetzeari buruzko Legea (NFEHLO) aldatu beharko litzateke eta Nafarroan ez daukagu horretarako eskumenik; eta, bestetik, Batzorde hau, itxura denez, abertzaleon mesede hutserako eta nazio eraikuntzako eratu da. PSNren argudio nagusia, dirudienez, Batzordearen helburuarekin bat ez etortzea da. Honek guztiak argibide eta gogoeta batzuk merezi dituelakoan, honatx gureak:
Hasteko, aipatzeko modukoa eta esanguratsua delako, esan behar da hauxe dela indar politiko hauek utzi duten Batzorde bakarra, euskararen estatusean urratsak egiteko eratutako Batzordea hain zuzen ere. Kasualitatea ezin izan. Eta, bide batez esanda, talde horien egitekoa eta betebeharra da Parlamentuko zereginetan parte hartzea, eta ez dute eginen.

Batzordea bera uzteko erabili dituzten argudioak Batzordea bera eratu baino lehen erabil zitzaketen, nahi izanez gero. Foru Eraentza Hobetzeari buruzko Legeak 36 urte ditu indarrean eta Euskararen Legeak 32! Ez al zuten atzo arte ezagutzen batak zein besteak diotena? Orain egin al dute beren irakurketa hori? Eta Batzordeak zertarako balioko duen, hori ere lehenago pentsatu eta esan zezaketen. Batzordeko lehendabiziko saiora etorri ziren, ordea, funtzionamenduari buruzko proposamenak egin zituzten eta onartu zitzaizkien eta, hara, hortik ordu batzuetara alde eginen dutela jakinarazi.

Batzordearen osaerak aseko dituen asmoei dagokionez, irakurketa politiko interesatua da, ohituta gaude horretara. Batzordearen egitekoa Parlamentuak onartutako ebazpenean jasota dago, eta Batzordeak berak eman lezakeen emaitza, parlamentua osatzen dugun indar politiko guztien esku dago. Irakurketa horiek guztiak, beraz, aitzakia hutsa besterik ez dira.

Euskararen legezko egoera aldatzeko Foru Eraentza Hobekuntzari buruzko Legea aldatu beharra eta horretarako Nafarroan dugun eskumena gai eta eztabaida interesgarria da, egin beharrekoa. Eta hor bi hipotesi dauzkagu, alegia, egiazki NFEHLOa aldatu beharra, edo hura aldatu izan beharrik gabe euskararen legezko egoera aldatu ahal izatea eta, esaterako, ofizialtasuna Nafarroa osoan foru lege baten bitartez aplikatu ahal izatea, NFEHLOaren eta 1986ko Euskararen Legearen irakurketa irekiago bat eginez. Baina bi hipotesietan kokatuta ere, egin beharreko urratsa berdin-berdina da: Nafarroan erabaki behar dugu, eta Nafarroako Parlamentuan zehazki, zein den euskararentzat nahi dugun legezko estatusa, eta zein den horretarako proposamen zehatza. Urrats hori nahitaez eman behar da, eta behin erabaki hori hartu eta proposamena definituta, gehiengo politikoaren eta instituzionalaren erabaki hori nola gauzatzen den argitu beharko da. Eta Nafarroan gehiengo horrek hartutako erabaki politiko horri ez litzaioke eragozpenik jarri behar, bide juridikoa edozein dela ere.

Eta hor kokatzen da, hain zuzen ere, Batzorde Berezi honen egitekoa: gogoeta hori egin behar du, eta legearen inguruko proposamen bat landu, ondoren bideratu eta gauzatzeko. Esan bezala, NFEHLOaren edo Euskararen Legearen balizko aldaketari buruzko edozein hipotesik urrats berbera ematera behartzen gaitu, alegia, gure artean adostera zer behar eta zer nahi dugun. NFEHLOari buruzko gogoeta honi beste ideia bat erantsi beharko zaio, nolanahi ere: hain nafar eta hain foruzale diren alderdi hauek bai abudo egin diotela uko Nafarroak bere legeak eta bere erabakiak hartzeko duen eskubideari eta eskumenari. Euskararen legezko egoeraren inguruko erabakia berehala eta otzan-otzan jarri dute Madrilen.

Horraino, beraz, eman dituzten arrazioei dagozkionak. Baina, gure ustez, erabaki honek azalpen errazagoa eta sinpleagoa dauka: Batzorde Berezi honek eztabaida sakona eta arrazoitua eskatzen du, eta lan egitea eskatzen du. Ez bata eta ez bestea ez dira Batzordea utziko duten alderdien gustukoak. Ihes egin nahi diote gogoeta, azterketa eta eztabaida zorrotzari eta argumentatuari, eta ihes egin nahi diote lan egiteari. Batzorde honetan ez du balio bizpahiru lelo gordin eta funtsik gabekoak oihuka esan eta mila aldiz errepikatzeak. UPNk, PPk eta PSNk euskarari buruz ari nahi dute, baina ez eztabaida sosegatu, arrazoitu eta zorrotz batean, hor ez dira eroso sentitzen, nahiago dute brotxa lodiz eraikitako diskurtso zalapartatsu eta mingarriekin aritzea. Hori da, zoritxarrez, politikoki hautatu duten bidea, baina Batzorde Berezia, jakina, ez da horretarako, eta beren burua kanpoan kokatu dute batzuek (UPN eta PP), eta hori bera egitea aztertzen ari da beste bat (PSN).

UPNk, PPk eta PSNk euskarari buruz ari nahi dute, baina ez eztabaida sosegatu, arrazoitu eta zorrotz batean, hor ez dira eroso sentitzen, nahiago dute brotxa lodiz eraikitako diskurtso zalapartatsu eta mingarriekin aritzea


Horren guztiaren aurrean zer esan? Bada, Batzorde Bereziak, Parlamentuak agindutako moduan, bere egitekoarekin aurrera jarraituko duela. Nahiago genuke beste indar politiko horiek ere hor egotea, eta, jakina, erabakian atzera egiteko deia egiten diegu, baina hor jarraitzen dugunok dagokigun lana egiten jarraituko dugu, erantzukizun politikoak eta instituzionalak eskatzen duen moduan. Prozesu irekia eta interesgarria izanen da, eta denborak esanen digu noraino iristeko gauza garen.