EH Bilduk iragarri bezala Aralar-Nabai eta Bildu Nafarroa talde parlamentariek zentsura mozioa erregistratu dute gaur. Hautagaia Juan Carlos Longas izango da eta berak azaldu duenez, zentsura mozio honen helburua hau da: Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak deitzea, herritarrek Nafarroaren etorkizuneko norabide politikoari buruzko iritzia eman dezaten.



Zentsura Mozioaren testua:

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIARI

Behean sinatzen dugun parlamentariok, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan eta Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduan xedatuarekin bat, ondoko ZENTSURA MOZIOA proposatzen dugu, Nafarroako Gobernuari eta bere lehendakariari erantzukizun politikoa exijitzeko xedez:

ZIOEN AZALPENA

Nafarroak krisi sozial, politiko eta ekonomiko sakona bizi du; izan ere, larriak dira atzeraldi ekonomikoa eta produkzio-ehunaren suntsiketa, langabezia gora egiten ari da eta nabarmen narriatzen ari dira oinarrizko zerbitzu publikoak eta gizarte-prestazioak. Ondorioz, gero eta handiagoa da gizarte-haustura, desberdintasunak areagotzen ari baitira elkartasunaren eta gizarte-justiziaren kaltetan, gure gizartean orain arte ezezagunak izan diren pobreziaren eta gizarte-bazterketaren tasek erakusten dutenez.

Egia da egoera nazioarteko krisi ekonomikoari zor zaiola hein batean; baina, orobat egia da, eta ez txikiagoa, egungo Nafarroako Gobernuak darabiltzan politiken ondorio zuzena dela, jardun publikoa eta aurrekontu murrizketak egoeraren agente aktibo eta nagusia direlako. Horri guztiari gehitu behar zaio mozkinak sortzen ahal dituzten oinarrizko zerbitzu publikoak pribatizatzeko joera; esate baterako, osasungintza eta hezkuntza. Horrek, jakina, zerbitzu horien kalitatea areago narriatzea ekarriko du, pertsona eta gizarte-talde ahulenen kaltetan bereziki. Eta hori guztia ideia eta ikusmolde ideologiko hutsak aplikatuta egiten ari dira, inolako oinarririk gabe, nahiz eta behin eta berriro frogatu den, ideia eta ikusmilde horiek aplikatu izan diren tokietan, ez direla eraginkorrak eta are kaltegarriak direla. Hortaz, egungo politikak mantentzen baldin badira, langabezia areagotzea besterik ez da lortuko, pobrezia eta desberdintasunak areagotzea, egiturazkoak bihurtzeraino, errotiko aldaketa bat egin ezean.

Gogorarazi beharra dago, halaber, Barcina andrea gehiengo osoarekin hautatua izan zela. Gaur egun, aldiz, egoera oso bestelakoa da: koalizio gobernua 2012ko ekainean hautsi zen, gobernuak ez dauka gehiengorik, ez da gai izan 2013rako aurrekontuak onets daitezen lortzeko, eta Legebiltzarraren gehiengoa bere ekimenak aldiro baztertzen ari da. Hartara, Nafarroak halako egoera ekonomiko eta sozial larri horri egin behar dio aurre, baina Gobernua paralizatuta daukagu, noraezean eta eragiteko gaitasunik gabe.

Are gehiago, esajeratzeko beldurrik gabe esan dezakegu Nafarroako gizarteak zur eta lur ikusi duela Nafarroako Kutxaren bilakaera, berez desagertzerainokoa; eta eskandalizatuta bizi ditu Kutxaren gobernu-organoak direla-eta ikerketa judiziala ematen ari den emaitzak. Jokabide ustez irregularrak dira, zeinetan nahasita ageri baitira UPNko kide garrantzitsuak; besteak beste, Nafarroako Gobernuko lehendakari ohi bat eta Iruñeko alkatea, eta baliteke Barcina andrea bera ere ukitzea.

Premiazkoa da, beraz, egoera hori aldatzea, eta zentsura mozioa da Parlamentuak horretarako eskueran daukan tresna bakarra, zeren Gobernuko lehendakariak entzungor egin baitio Legebiltzarrak egin zion dimisio-eskaerari berari ere.

Horregatik guztiagatik, behean sinatzen dugun parlamentariok ZENTSURA MOZIO hau aurkezten dugu, eta JUAN CARLOS LONGÁS GARCÍA jaunaren hautagaitza aurkezten dugu, zeinak onartu egin baitu hautagai izatea. Zentsura mozio honen bidez oinarrizko konpromiso hauek hartzen ditugu:

1-. Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak deitzea, herritarrek Nafarroaren etorkizuneko norabide politikoari buruzko iritzia eman dezaten.

2-.Gobernu askotariko eta oinarri politiko zabaleko bat eratzea, Nafarroako kontuen egoera zein den jakiteko, azken urteotan gobernuek egindako jarduketen gardentasuna ziurtatzeko, aurrekontuak berrikusteko eta oinarrizko zerbitzu publikoetan azken urteotan egindako murrizketa sozialen ondoriorik dramatikoenak eta berehalakoenak zuzentzeko.