“Nafarroako Parlamentuan euskara presente izan arren, oraindik ere ez dago araututa ezta normalizatua ere, oso esparru jakinetara dago mugatuta gure hizkuntza” azaldu du Dabit Anaut EH Bilduko parlamentariak, “Gobernuaren egitura osoa hartu behar duen bezala, hizkuntza politikak bere barruan Nafarroako Parlamentua ere hartu behar du; alde batetik, parlamentua baita akordio programatikoa adostu den gunea eta, bestetik, Nafarroako Gobernuaren beraren osaera eta jarduna erabat lotuta daudelako Parlamentuarekin”.

Honela, EH Bilduk Parlamenturako Euskara Plan berezia eskatu du, “Plan horrek definitu, zehaztu eta arautu eginen lituzke Parlamentuan euskara erabiltzeko irizpideak, baita irizpide horiek gauzatzeko urratsak eta baliabideak,eta administrazioetan nahiz bestelako erakundeetan euskara-planek izan ohi duten egitura izanen luke: irudi korporatiboa, barne komunikazioa, kanpo komunikazioa, giza baliabideak, baliabide teknikoak...” azaldu du Dabid Anautek, ekimenaren bultzatzaileak.

Euskara-plana onartu eta aplikatzeak bi fase izan beharko lituzke: planaren diseinua da lehendabizikoa, zenbait hilabete beharko lituzkeena, eta planaren beraren aplikazioa bigarrena, zenbait urtez luzatuko litzatekeena. Biek ere aurrekontu bat behar dute. EH Bilduk, beharrezkoak diren pauso eta aurrekontua eskatu dio Parlamentuko mahaiari, Plana aurrera atera dadin.