EH Bilduko parlamentu-taldeak ez-ohiko bilkura monografikoa egin dadin proposatu du, parte hartzeaz eta arlo ekonomiko, social zein politikoan herritarrok duten erabakitzeko eskubidea gai izanen duena.

Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentario eta ekimenaren sustatzaile denak adierazi duenez, “agerikoa da herritarron aldetik gero eta eskakizun handiagoa dagoela demokrazia ordezkatzailea gainditu eta herritarron parte hartzea zein erabaki eskubidea ahalbidetzeko bideak urratzeko”. Era berean, esan duenez “egun Nafarroan indarrean dagoen Gardentasun eta Gobernu Irekiaren Legea eskaera horri erantzuteko ez nahikoa da, argi eta garbi eta, hortaz, Parte hartze Foru Lege propioa eta kontsultak egiteko mekanismoak abian jartzea ezinbestekotzat jotzen dugu, akordio programatikoan ere jasota dagoen bezala.

Parlamentuan egindako eskaera honek ere egungo marko politikoari erreferentzia egiten dio, eta horren baitan, Ruizek adierazi duenez “gehiengo politiko parlamentarioak konpromiso argia du Foru Hobekuntza aldatzeko xedez, prozesu parte hartzaile eta parlamentarioa abian jartzeko; gogoan izan behar dugu herritarrok ez genuela berau bozkatzeko aukerarik izan, eta ez da tresna egokia geure gizartearen erronkei erantzuteko.”

Arrazoi hauek direla medio, EH Bilduk ezinbestekotzat jotzen du arlo sozialean dagoeneko gauzatzen ari den eztabaidari arlo politikoan ere bidea ematea. Alegia, herritarron parte hartzeari eta beren bizitzan eragina duten arlo guztietan erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida arlo politikoan sustatzea eta bideratzea.

Bakartxo Ruizek azaldu duenez, “proposatu dugun gisa honetako bilkura monografikoa tresna egokia izan daiteke beharrezkoa den eztabaida hori gauzatzeko, ideiak eta jarrera politikoak kontrastatzeko eta, era berean, herritarrak ahalduntzeko eta beren erabakitzeko eskubidea sustatzeko balioko duten oinarrizko adostasunak erdiesteko”.