Mozioa aurkeztu du EH Bilduk, Nafarroako Parlamentuak gaitzets dezan instituzio militarrek eta Segurtasun Indarrek hezkuntza arloan eragin nahi izatea, “balore militaristak ez baitatoz bat bakearen eta bizikidetzaren heziketa balioen lanketarekin” azaldu du Bakartxo Ruiz parlamentariak.

EH Bilduko parlamentariak gogoratu duenez “Aizoaingo Koarteleko America 66 erregimenduak hainbat ikastetxeko zuzendaritza eta guraso elkarteei, koartelean bertan egin ohi den ‘Geldialdi Militarrean’ parte hartzeko gonbitea bidali die. Ekitaldi honetan banderaren jasoketa, “Espainiaren alde hildakoei omenaldia” eta desfilea eginen lukete militarrek eskola umeen aurrean”. Aizoaingoa ez da kasu isolatua Ruizek azpimarratu duenez, “Guardia Zibilak ere “Ateak Zabaltzeko Eguna” egin ohi baitu ikastetxe batzuetan”. Gogora ekarri ditu, hartara, orain dela hilabete batzuk Zintronikoko eskola batean hartutako irudiak. “Bertan, ume txikiak ikus zitezkeen guardia zibilek utzitako armak eskutan”, adierazi du.

 Halaber, orain dela egun batzuk, urriaren 12aren ospakizunaren harira gertatutakoa ere salatu du: “hainbat ikastetxeri egin zitzaion gonbitea guardia zibil, polizia eta militarrekin topaketa bat egiteko, Ejerzitoaren egoitza batean, eta 250 harrek hartu zuten parte, Albak berak jakinarazi zuenez”. Gaineratu du bertan “antidisturbio” materiala jarri omen zela ikasleen esku.

Parlamentarioaren arabera, “bada garaia geure ikasleen artean eta ikastetxeetan balore militaristak zabaltzeari uzteko”. Adierazi duenez, “beste herrialde batzuetan normaltzat jotzen ez dena normaltzat jo behar dugu Nafarroan, antza. Frantziar Estatuan, esate baterako, orain dela egun batzuk izugarrizko polemika sozial eta politikoa piztu da, hainbat adin txikiko Ejerzitoak utzitako fusilak eskutan zituztela ageri diren irudiak direla eta. Baina bertan erantzuna ezberdina izan da, Ejerzitoak berak jokaera hori bultzatu duten militarrak zigortuko dituela esan baitu, eta Hezkuntza arloko arduradunek ere onartezintzat jo dute gertatutakoa, horrek ez duela helburu hezitzailerik azpimarratuz”.

Horregatik EH Bilduk mozioa aurkeztu du parlamentuan, hiru proposamen eginez: Nafarroako Parlamentuak irmoki errefusa ditzala instituzio militarrek eta Segurtasun Indarrek hezkuntza arloan eragina izateko abian jartzen dituzten ekimenak. Era berean, eskatzen du Nafarroako Parlamentuak bere borondatea adieraz dezala Segurtasun indarrek eta instituzio militarrek aurrerantzean halako beste ekimenik egin ez dezatela Nafarroako ikastetxeetan eta Nafarroako ikasleekin, eta hartara, Espainiako Gobernua eta Gobernu Delegazioa premiatzen ditu behar diren neurriak jar ditzaten. Nafarroako Gobernuari ere eskatzen dio halako ekimenik egiten ez dela berma dezan, ikastetxeei zein Gobernu Delegazioari beharrezkoak diren instrukzioak emanez.