Bilkura berezia izan da Nafarroako Parlamentuan, EH Bilduk eskatuta, erabakitze eskubidea eta hiritarren parte hartzearen inguruan. Alderdi bakoitzaren jarrera eta asmoak argi utzi dituen eztabaida izan da. Alderdi zentralistek, urduri erantzun diote eztabaidaren muinari, hiritarren borondatearen adierazpen librearen beldur. EH Bilduk, Nafarroako herritarren protagonismoa defendatu du, beren etorkizuna erabakitzerako orduan “Benetan sinisten dugulako jendartea protagonista dela. Auzolanaren herrian gaude! Herrietako auzolana bera, batzarrak, gizarte-eragile sare erraldoia, herritar mugimendu bizia... Auzolana eta parte hartze kolektiboa aski errotuta dago Nafarroan. Eta Nafarroako herritarrok subjektu politiko gisa ulertzen ditugulako. Batzuek erresistentzia argia erakusten duzuen arren, Nafarroa Jauntxo Feudalen moduan gobernatzea amaitu da” adierazi du Bakartxo Ruizek.

Zentzu horretan EH Bilduk erabakitze eskubidea indartzeko aldarria egin du parlamentuan “Gure autogobernua eta burujabetza defendatzeko eta indartzeko tresnak baliatzea, nafar herritarron ongizatea babesteko. Helegiteak ditugu Etxebizitza, osasungintza, fiskalitatea... nafarron eskubideak ukatzeko tresna izan diren neurrian, esparru horietan eta beste batzuetan Nafarroak bere herritarron ongizatea nola babestu nahi duen defendatu eta ekimen zehatzak abian jarri behar ditugu. Eskumenen eztabaida ere hortxe dugu. Akordioan jasotzen dira, kartzelak, trafikoa, I+D... Burujabetzarako bidean urratsak egin daitezke” azaldu du Bakartxo Ruizek.

Eztabaida amaituta, EH Bilduren ebazpen proposamenak, erabakitzearen bidetik aurrera egiteko ekimenak izan dira: Madrildik asmo zentralistekin Nafarroaren kontra izan diren eraso eta elegiteak salatu; Nafarrek beren eredu ekonomiko eta sozial propioa eraikitzeko bidea zabaldu; Konstituzioaren balizko erreforma edo "prozesu konstituziogilea" dela-eta, Nafarroak eskubidea duela subjektu politiko subirano gisa erabakitzeko aldarrikatu eta Nafarroako Parlamentuak prozesu parte-hartzaile eta parlamentario bat irekitzeko bere konpromisoa adieraz dezala eskatuz, Nafarroaren estatus politikoa zehazteko, eskumen berriak sartzeko eta eskubide sozialen aitorpenean sakontzeko, eskubide horiei ahal den lege-mailarik handiena emanez, benetan bete daitezen.