Nafarroako Parlamentuak, Opus-eko Unibertsitatearen finantziazioari buruzko eztabaida beroa bizi egin du. Mahai gainean, Nafar Gobernuak Opusekin duen osasun arloko hitzarmenaren bukaera. Akordio honi esker, Opusek urtero 5milioi euro bainon gehiago eskuratzen ditu diru publikotik, bere langileen osasun laguntzagatik. “Bada ordua pribilegio hauekin amaitzeko” salatu du Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentariak “bada ordua Opusen ezkutuko finantziazioarekin amaitzeko. Horretarako heldu da aldaketa Nafarroara. Aldaketa pribilegio eta bezerokeriarekin amaitzea da. Aldaketa, osasungintza eta osasun laguntzaren demokratizazioa da, nafar guztiok eskubide eta zerbitzu berberak izan ditzagun”.

Batzorde parlamentarioa beroa izan da, UPN eta PPko bozeramaleek, Opusen pribilegioen amaieraren aurrean duten urduritasunaren ondorioz. “Batzorde honetan denetarik entzun dugu, benetazko basakeriak” salatu du Bakartxo Ruizek, “sektarismoa leporatu digute UPN eta PPkoek, berdintasuna defendatu eta pribilegioen amaiera nahi dugulako, bainan hemen sekta bakarra dago, eta hori Opus Dei da”. Bakartxo Ruizek gogoratu duenez, Opus Deirekin hitzarmenak ez du onurarik suposatzen ez Nafarroako Osasun zerbitzurako ezta nafar gizartearendako ere “5milioi euro ematen dizkiogu urtero nafar guztiok Opus-i, lan berbera sistema publikoan egingo balitz 3 milioi euroko kostua izanen duen bitartean. Nork ateratzen du onura guzti honekin?”