Adolfo Araiz eta Arantxa Izurdiaga, EH Bilduko parlamentariak, TRWko langileen ordezkariekin bildu dira gaur goizean. 250 langile kanporatzeko asmoa azaldu du multinazionalak. “Esan dugun moduan, ohiko babesaz gain beste zedozer egiteko ordua da” adierazi du Adolfo Araizek “horrelako deslokalizazio kasuen aurrean, inoiz hartu diren erabaki eta jarrera izateko aukera historikoa dugu”.

Langileek bileran azaldu dutenez TRW enpresak enplegua sortzeko diru publikoa jaso eta beren interés enpresarialetarako desbideratu du urteetan. “Erabat onartezina iruditzen zaigu hau” salatu du Araizek, “diru publikoa jaso, ez dute enplegua bermatzeko erabili eta orain gainera langileak kanporatu nahi dituzte. Gobernuak gertatutakoa ikertu eta argitu beharko luke”. “Onartezina da etekinak izan dituen empresa batek, egun batetik bestera langileak kaleratzeko jarrera izatea” adierazi du EH Bilduko parlamentariak, “argi ta garbi ikusten da kasu honetan, enpresaren asmo bakarra deslokalizazioa dela. Kromoak bailira jokatzen dute langileekin, atzean dauden pertsonak eta familiak kontutan hartu gabe. Honenbestez, langileen aldamenean, beren borrokarekin bat egoteko unea da”.

Honela, EH Bilduk datorren urtarrilaren 30ean, larunbata, Iruñean eginen den manifestazioarekin bat egiten du, Nafarroako herritarrak parte hartzera dei egitearekin batera. “TRWko kasua ez da kasu isolatua eta eragina izanen du beste empresa ertain eta txiki askotan” adierazi du Araizek, “egoera honen aurrean eta ehunka langilek pairatzen duten egoeraren aurrean kalera irtetzeko ordua da”.