Osasun saileko itxaron zerrendak gutxitzeko neurrien gaineko mozioa aurkeztu du Parlamentuan EH Bilduk. “Ez da arazo berria honakoa, aspalditik datorrena. UPN eta PSNren Gobernuek hainbat neurri hartu dituzte itxaron zerrendak gutxitzeko, bainan emaitzak eskutan argi dago ez dutela konponbidea topatu” azaldu du Osasun batzordeko bozeramalea den Bakartxo Ruizek, “peonada-k bezala ezagunak diren, ezohiko jarduera programak garesti atera direla ikusi dugu, hainbat sektoreren mesede izan den arren, egitura eta faktore ezberdinetan oinarria duen arazoa konpontzeko balio izan ez duena”.

Honela EH Bilduk alternatibak planteatu nahi ditu, peonada hauen aurrean. “Lehen Mailako arretaren sendatze gaitasunean errotutako alternatibak eraiki behar dira, itxaron zerrenden kudeaketa egokian, zuzeneko arretarik behar ez duten interkontsulten sustapena, Lehen Mailako Arreta eta espezializazioen arteko koodinazioa sakondu edo ta gaixo kronikoen arretarako protokolo egokien garapenean oinarritutako alternativa” planteatu du Bakartxo Ruizek, Aldaketarako Akordio Programatikoak eta Osasun Sailaren Planek zehazten dutena gogoratuz, “akordioaren konpromezuetan sakondu nahi dugu eta peonaden itzulerari Ez esatea azpimarratu, altenatibak baitaute itxaron zerrendei aurre egiteko”.

EH Bilduk aurkeztutako mozioak egiturazko neurrien aldeko apostua har dezan eskatzen dio Nafarroako Gobernuari, azpiegitura, ekipamendu eta langile baliabide propioak bultzatuz. Itxaron Zerrendetako Berme Legearen aldaketa ere eskatzen da, lehentasuna sistema aldatuz eta prozesu eta gaixotasunen itxaron denborak egokituz. Mozioaren testuak peonaden kontrako jarrera azpimarratzen du konponbide orokor moduan.

EH Bilduk proposatutako testuak Osasun saileko plantillaren egoera aztertu eta epe labur, ertain eta luzean egon daitezkeen beharrei erantzunez LEP-ak programatu, adostu eta deitu ditzala. Azkenik, mozioak deribazioak mugatzeko deia egiten du, soilik beharrezkoak diren kasuetara mugatuz, behin zerbitzu publikoko bide guztiak agortuak direlarik.