EH Bildu beti egon da eta beti egonen da herri galdeketen alde. Oinarrizko ariketa demokratikoa iruditzen zaigu. Aroztegiako kasuan, erabat logikoa iruditzen zaigu hainbat bizilagun eta tokiko eragileek azaldu duten kezka eta beren iritzia kontsultatua izan dadin egin duten deialdia. Beren zonaldeko oraina eta etorkizuna baldintzatuko duen proiektu baten aurrean, iritzia eman eta erabakitzeko eskubidea dute baztandarrek. Proiektuaz ari gara, ez PSIS konkretu bati buruz, zonalde guztiaren etorkizuna aldatuko duen proiektu baten iritziaz.

Horrexegatik, galdeketa hau ahalbidetzeko eman behar diren pausu guztiak eman daitezela eskatzen dugu. Baztango udalari lehenik eta honek ezingo balu Nafarroako Gobernuari zuzenean. Ahalbidetu eta bultzatu dezatela herritarren erabakia Baztanen.

Azkenik, EH Bilduk bat egiten du datorren apirilaren 23an, Baztanen deitu den manifestazioarekin, hain zuzen herri galdeketaren alde. Baztango biztanleek beren etorkizunaz erabaki dezaten.