2016ko apirilaren 5ean Espainiako armadako hainbat ibilgailu eta soldadu Leitzara joan ziren, eta bertan ibili ziren ibilgailu militarretan nahiz oinez, baita herriguneko kaleetan ere, soldaduak oinez eta armak eskuetan. Udalak ez zuen maniobra eta presentzia horren berri, inork ez baitzion horrelakorik jakinarazi, eta mugimendu horiek guztiak inolako segurtasun protokolorik eta abisurik gabe egin ziren. Mugimendu militar horiek herritarren artean ezinegona, kezka eta haserrea sortu zuten, eta hala adierazi zioten Udalari hainbat dei eta kexaren bitartez. EH Bilduk bat egiten du herritarrek azaldutako kexa, kezka eta ezinegonarekin.

Horren harira, Dabid Anaut, EH Bilduko parlamentariak, galdera zuzendu dio Nafarroako Gobernuari, ariketa hauen gaineko kezka eta ezinegona helaraztearekin batera. Honela EH Bilduk, “Bazuen Nafarroako Gobernuak maniobra horien berririk? Zein da Nafarroako Gobernuaren iritzia maniobra horien inguruan, eta maniobra horiek elkarbizitzarako giroan izan dezaketen eraginaz? Eta, bestalde, eman al dio Nafarroako Gobernuak Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzari maniobra horiek Leitzako Udalean eta Leitzako biztanleen artean sortu duten ezinegonaren eta kezkaren berri?” galdera sorta aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan.