Hezkuntza proposamenak izanen dira biharko plenoan mahai gainean. Hezkuntari buruzko bilkura monografikoa eginen du bihar Nafarroako Parlamentuak. EH Bilduk argi du, hezkuntza sistema propioren aldeko aldarria eginen duela, “geure eredua, eredu egonkor eta adostua, Nafarroan eta Nafarroarako egina, beti ere Nafarroako errealitate, hizkuntzak, kultura eta ingurutik sortua eskolatik haratago doana gure Komunitateko garapen sozial eta osoari ekin ahal izateko” azaldu du Miren Aranoak, EH Bilduko hezkuntza bozeramaleak.

Alderdi Popularrak eta UPNk defendatzen duten ereduaren aurrean azalduko da EH Bilduren proposamena “azken urteotan ikusi dugu, LOMCE bezalako legeekin, hezkuntza pribatizatu, mugatu, zentzuratu besterik ez dutela bilatzen”, salatu du Aranoak “horrexegatik EH Bilduk sistema propioa aldarrikatzen du, kalitatezkoa, anitza, berdintasunean oinarrituta eta erlijioa ikasgeletatik kanpo utziko duena”.

Zentzu horretan joanen dira EH Bilduk aurkeztu eta defendatuko dituen ebazpen proposamenak. Denak kalitatea, aniztasuna eta publikoaren defentsari lotuak. 0-3zikloa, Hezkuntza Departamentuak bere gain har dezala proposatzen dugu, kalitatea eta aukera berdintasuna bermatuz, hizkuntz eskubideak errespetatuz eta ziklo honek behar duen hezkuntza garrantzia aitortuz. Landa-inguruneko eskolen aldeko apustua egiten dugu baita ere, hezkuntzaren kalitatea ezezik, hurbiltasuna, lurraldeen arteko oreka eta tokiko garapena ere bermatzen baitira. Bestalde, matrikulatzeko araudi berria behar dugu, beti ere hurbiltasuna, prozesuaren gardentasuna eta diskriminazio eza bermatzen dituena.

EH Bilduren ebazpenetan, hezkuntza marko propioa aldarrikatuko da, “guk ez dugu nahi Madrilen egindako itunik, guk ez dugu nahi Estatuko legealdi bakoitzean sorturiko Hezkuntza lege ezberdinik, guk Hezkuntza-araudi propioa nahi dugu Nafarroako gizartearen ezaugarri, interes eta behar espezifikoetara egokitzeko” azaldu du Esther Korresek, EH Bilduko hezkuntza batzordeko kideak, “Ez dugu nahi merkatuetara egokituriko Hezkuntza sistema, gaur egun gertatzen ari den bezala. Nafarroako Eskola Publikoak dituen erronka eta beharrei erantzuteko Hezkuntza sistema herritar parte-hartzailea, eleanitza, kalitateko, hezitzaile, laiko, integral, eta inklusiboa behar dugu, adostasun sozial eta politikotik jaioa den sistemaren alde lan eginez”.

Azkenik EH Bilduk, Itunpeko Hezkuntzaren inguruko ebazpena ere aurkeztuko du “Irakaskuntza publikoaren kalitatea ez ezezik itunpeko irakaskuntzaren kalitatea ere bermatu behar dugu” azaldu du Korresek. Gardentasuna, aukera berdintasuna, sexu bereizketarekin bukatzea,...bilatuko ditu ebazpen honek.